[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lagunak egitera Laudiora aurreko astean, lagunak egitera atzo Herrialde Katalanetara… Ondo eta hori guztia, baina nik, zergak ordaintzen dituen harpidedun zintzo bezala, jakin nahi dut zertan gastatu duten nire dirua. Ea zu erantzunak konbentzitzen zaituen, irakurle.
ARGIAren esperientzia kontatzera joan dira Bartzelonara etxe honetako hiru kide, eta Kataluniako aldizkarien etorkizunari buruzko jardunaldi batean aritu ziren hedabidearen bilakaera historikoaz, egun euskarri eta formatu anitzetan egiten duen lanaz, ARGIAkoa egiteko duen kidetza planteamendu bereziaz, antolaketa horizontalaz… APPEC Kataluniako Aldizkari eta Digitalen Editoreen Elkarteak eta Gironako Unibertsitateko Hipolit Nadal y Mallol katedrak antolatutako jardunaldiak izan dira. APPEC-ek katalanezko 200 aldizkari biltzen ditu, eta haiek diotenez, tamalez dauden astekari guztiak dira tematikoak, baina katalanez ez dago ARGIAren moduko interes orokorreko astekaririk, horregatik arreta handiz entzun zituzten ARGIAko lagunen azalpenak.
Jardunaldi horretan parte hartu zuten Portugalgo Visao astekariko langile Rui Tavares-ek, Esloveniako Mladina astekariaren zuzendari Grega Repovz-ek eta Flandriako Aldizkari Kulturalen Elkarteko lehendakari Peter Woulters-ek eta MIDASeko (Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundea) lehendakari Martxelo Otamendik.
Biharamunean, ARGIAko Bizi Baratzea lantaldekoak diren hiru lankideak Soberanía Alimentaria aldizkariko kide den Gustavo Duchekin elkartu ziren Bartzelonako Horta auzo laborarian. Agroekologia ardatz duten bi proiektu horiek elkar ezagutzeko eta aurrera begira martxan jarri daitekeen elkarlanari hasiera emateko balio izan zuen bilera hark. Eta nola ez, erreferentziak partekatzeko, bakoitzak jarraitzen dituen gaiak ezagutzeko…
“Bi egunak bete-beteak izan ziren eta baliatu genuen begi-belarriak zabalik beste aldizkarien erreferentziak, esperientziak eta joera berriak jasotzeko, eta ARGIAren egungo jardunaz loak hartu arte hitz egiteko. Tarteka atera egin behar da, besteak zertan diren ezagutu, harremanak egin eta elkarlan aukerak aztertu”, esan digu Bartzelonan izan zenetako batek.
Haserre egotea tendentzia bihurtu den garaiotan, gaur nik hari honi tiraka atera nahi nuen amorru hori; aitzitik, kontatu didatena interesgarria iruditu zait eta ezin hobeto inbertitutako dirua izan delakoan nago. Haserretzeko beste motibo baten bila hasi beharko dut.