Laudio ARGIAren sede egun batez

argia
0
ARGIAk egunpasa egin zuen azaroan Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Argazkian bateko eta besteko langileak eraikinaren sarreran. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Laneko bazkarien urte sasoian sartuta gaude. Fenomeno kuriosoa. Bakarrizketa bat osatzeko adina mami eman dezakeena. Gehitxo edan eta esandakoez hurrengo egunean damutuko den lankidetik hasi eta bateren batek ordaindu ez duela eta, beste lankide guztiek gehiago ordaintzen dutenera arteko tartean gertatzen diren guztiak. Ez dira egun errazak izaten zenbait enpresa eta lantokitako bazkariak. ARGIAkoak berriz, egun osoa pasatzera joaten dira (bazkaria barne)! Oraingoan Laudiora (Araba). Ondo moldatuko dira elkarrekin gero…

Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutzeko aprobetxatu dute aukera. Bertan egin dituzte formazio saioak, bisita gidatua eskaini diete proiektu osoa aurkezteko eta otordua ere toki berean egin dute, bertako produktuekin gozatuz. Donna Apellaniz izan dute egunaren lehen zatiko saioan gidari. Emozioen kudeaketa lantokian izan da aurreneko formazioa. Egun batzuk lehenago, Apellaniz ARGIAren barne-funtzionamenduan kokatu dute pixka bat, azaldu diote ez direla zerotik hasten, dagoeneko jartzen dutela arreta lantaldearen emozioetan eta egunerokoan egiten dituztela ariketa txikiak emozio horiek presente izateko. Laudioko lehen saio horretan teoriaz jantzi dira aurrena, praktikara pasatzeko gero.

Bisita gidatuarekin moztu dute formakuntzaren dinamika eta Adimen Artifizialari eman diote paso bigarren saioan. AAren erabileraren inguruko gogoetarekin hasi dira. Eta hasi direla diot, hori izan baita ondorio nagusietako bat: ARGIAk jarraitu behar duela AAz hitz egiten eta etengabeko eztabaida bat izan beharko duela datozen urteetan. “Ez da Adimen Artifiziala bai edo ez, alde edo kontra sinple bat; zer eta nola da”, azaldu du Mikel Garcia taldekideak. “Eta baietz baldin bada, ez da baldintzarik gabeko baiezkoa, noski, ez baita berdin multinazional baten baldintzetan jokatzen duen Adimen Artifiziala erabili edo gure enpresa laguna den Adur bezalako batek sortua”, jarraitu du. “Jasangarritasuna, datuen pribatutasuna edo euskara errespetatuko dituen Adimen Artifiziala da erabili nahiko genukeena, eta horretaz eztabaidatzen hasi gara Laudion”.

Lantokitik atera, lankide guztiak beste espazio batean elkartu, ezagutu, elkarrekin egon eta gogoetatzeko aprobetxatu… Uste dut baliatu dezakezula hurrengo laneko bazkaria, irakurle, zure enpresan antzeko irteera bat egitea proposatzeko. Zer atera liteke gaizki?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA