Dena prest!

argia
0
Argia Sarietako garaikurrak Alaia Gaztelumendi oiartzuarrak egin ditu aurten, Anton Mendizabalen lekukoa hartuta. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Gonbidatuak prest, menua itxita, zeramikazko garaikurrak labean eta sarituak erabakita. Banatzea bakarrik falta da. Gainean ditugu 37. Argia Sariak. Azken urteetan bezala Usurbilgo Atxega jauregian banatuko dira, baldin eta aurkezleak berandutzen ez badira.

Horixe da aurtengo berrikuntzetako bat, aurkezleena. Beranduegi saioko lagunek egingo dituzte bazkalosteko ekitaldiaren gidari lanak. ARGIAko lantaldeak prest du ekitaldiaren sarreran irakurriko duten diskurtsoa eta, ikusita mundua ze norabidetan doan, izango du mamirik. Begira egongo dira erakundeak, kultur eragileak, euskalgintzako kideak, hedabideetako ordezkariak… eta begira egongo dira urte luzez ARGIA babestu duten zenbait harpidedun ere. Azken bizpahiru urteetan presentzia handia dute Argia lagunek ekitaldi honetan eta komunitatea bertan izatearen asmoek badute arrazoirik, eskertza bat baita, mende erdiz bidelagun izan direnei egindako mimo keinu bat.

Lehenik Lasartera
Atxega jauregia izango da elkargune, baina bertan izango diren harpidedunek gonbidapen berezi bat jaso dute: bazkaltzera joan aurretik ARGIAren Lasarteko egoitzan bilduko dira, etxea erakusteko, emandako babes hori eskertzeko, elkartzeko. Eta handik denak joango dira Usurbila.

Euskaraz egiten den kazetaritza eta komunikazioa sarituko dira beste behin, euskaraz egindako lana lehen lerrora ekartzeko, prestigioa emateko. Eta egingo da patxadaz, bazkal aurreko luntxetik hasi eta sari banaketaren sorpresak baretu osteko solasaldietara arte. Lekua emango zaie harremanei, elkar ezagutzeko edo ezagunen arteko loturak sendotzeko. Eta akaso ikusiko ditugu solasten iragana eta oraina, Anton eta Alaia, Argia Sarietako garaikurrak egiteko enkargua fin bete dutenak, Anton Mendizabalek lehengo urtera arte eta Alaia Gaztelumendik testigua hartu berritan.

Badirudi ez direla nirekin fio eta filtraziorik egon ez dadin, ez didate esan zein izango diren sarituak. Maite ditut sorpresak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA