Agenda propioa eta aktuala

argia
0
Gorka Peñagarikanok egiten du 07:00ak aldean Argiako irakurleek doan jasotzen duten 'Goizean argi' buletina.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Baina, egunero Gorkak egingo du newsletter-a?”, galdetu dit osabak. Hala dirudi, eta ni kontent, atsegin baitut bere idazteko manera eta, irakurle, oraindik Goizean argi buletineko harpidedun egin ez bazara, gonbidatzen zaitut probatzera. Ez zaizu damutuko. Dena den, orain ulertu dut osabaren galdera (badaki zerbait ogibideari buruz), Gorkarekin berarekin hitz egin baitut proiektu berriaz.

Laneko ordutegia aldatu du. Orain 12:00etan sartzen da lanera, 19:00-20:00ak aldera arte (ez badago azken ordukorik, hauteskundeen jarraipenik edo sorpresarik). Lanaldi erdia dedikatzen dio kazetariak eta normalean arratsaldeko 15:00ak aldera hasten da lan honetan. Noski, bitartean baditu ardurak beste lantalde eta proiektu batzuetan. “Tira, aurretik Euskadi Irratiko eguerdiko albistegia entzuten dut”, aitortu du. Beraz, txipa martxan aurretik ere. Euskal Herriko hedabideetan begi-belarriak beti.

“Buletinari heltzen diodanean, gordeta ditudan iturriak irekitzen ditut, mordoxka, denak ilaran; eta hasten naiz poliki-poliki denak errepasatzen”, dio kazetariak. Hemengo gaiei hemengo hedabideetatik jarraipena egiten dien moduan, nazioartekoei ere tokiko komunikabideetatik egiten saiatzen da. “Italiako gaiak ekarri nituen pasa den astean, adibidez, eta horretarako Il manifesto-ri erreparatu diot”, esan du.
ARGIAk bere agenda propioa markatu nahi du, agenda mediatikotik aldendu eta irakurlearen interesekoak diren beste gai batzuk lehen lerrora ekarri. “Orekaren bila nabil, aktualitateak markatzen ditu buletinaren denborak eta badaude agenda mediatikoan lerro-buruak hartzen dituzten eta alde batera utzi ezin diren gaiak; baina aktualitate asko daude eta gure interesekoak ekarri nahi ditugu”, dio Peñagarikanok. “Kulturak, esaterako, oso leku txikia eta ezkutua izaten du sarri eta nik ahalegin berezia egin nahi dut honekin, bere lekua eman, lehen lerrora ekarri”, jarraitu du.

Baliabide propioak sortzen
Oraintxe urtebete adierazi zuen ARGIAko lantaldeak, Argia Sarietan, Twitter eta Facebook bezalako sare sozialetatik ateratzekoa zela eta kontrara, baliabide propioak sortzekotan zela. “Ordurako buruan geneukan buletinaren aukera, aztertzen hasiak ginen newsletter-en fenomenoa; eta interesgarriena zitzaigun kazetariarengandik irakurle edo hartzailearengana iristeko bide zuzena, bitarteko algoritmorik gabe”, adierazi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA