‘Txoministak’ web-telesaila ARGIAn estreinatuko da

argia
0

txoministak

Hiru Damatxo ideia faktoriaren eskutik, web-telesail berria dator zuen pantailetara asteazkenetik aurrera. Sintonizatu ARGIA, bertan ikusiko baituzu beste inon baino lehen Txoministak.

Utikan House of cards eta Borgen. Ez duzu AEBetara edo Danimarkara joan beharrik, hemen duzu, azkenik, Euskal Herrian girotutako telesail politikoa: alderdi baten barrenak kontatzen ditu Txoministakek; alderdi horrek Txoministak du izena (nola ez) eta telesailaren egileen arabera, “Euskal Herria definitiboki askatzera doa”.

Tamaina horretako lorpenak egiteko zer estrategia duten ez dakigu, baina gertakizun handia izango da inondik ere. Negoziazio eta, batez ere, sukalde lan askoren ondoren sinatu dugu seriearen sortzaileekin koalizio-akordioa (ikasi Pedro Sanchez).

Estreinaldia ez da hauteskundeak bezala errepikatuko: maiatzaren 4a da egun seinalatua. Gutxi gorabehera eguerdi partean jarriko dugu ikusgai lehen kapitulua.

 

Talde lanetik sortutako ekoizpena

Hiru Damatxoren inguruan, hamalau laguneko koadrila aritu da asteburuak Txoministaken zerbitzura jartzen. Aktore nagusien laukotea Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegik osatzen dute.

Gidoiez, atrezzoaz, kamerez, muntaiaz, soinuaz, produkzioaz, ogitartekoez, zuzendaritzaz eta bururatzen zaizun beste guztiaz aldiz, ondoko hauek arduratu dira: Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman, Laida Zabala, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA