2014ko udaberriko egunen bat, ARGIAren egoitzan. Irailean egitekoa den Argia Egunerako prestatze lanak hasiak dira jada, eta norbaitek ideia dakar: ikusi du nortasun agiri arrotzen jaurtiketa antolatu dutela Kataluniako halako herrian, errekor “ofiziala” eta guzti dutela, eta galdetu du “zergatik ez holako bat Argia Egunean?”.
Batzuen adorea gailendu zaio besteen uzkurkeriari, eta hara non, Argia Egunak laugarren edizioa egitear duen honetan, nortasun agiri arrotzen jaurtiketa bihurtu zaigun egitarauko klasiko negoziaezina, jaiaren une dibertigarri eta parte hartzaileena akaso. Praktikaren praktikaz, Kataluniako aitzindari haien marka ere gainditua dugu euskaldunok; oraingoz –zer erremedio– horrekin konformatu beharko dugu, inbento-aren sortzaileak nortasun agiriak bakarrik ez, estatu arrotz oso bat balkoitik behera botatzeko ahaleginean diren honetan.
Tira, inbidia, egotekotan, sanoa izan dadila. Ez iaz ondarrutarrek izan zutena bezala ;-), non eta euren etxean lekeitiar batek aise txikitu zuenean ordura arteko errekorra: 40 metroan ezarri zuen marka berria Oierrek. Gasteizen ba omen dabiltza batzuk hori gainditzeko entrenatzen, mihi gaiztoek esan digutenez. Alde Zaharreko “joko-eremuan” ikusiko dugu elkar.