ARGIA argia da

argia
0
Xabier Ricok ARGIA Eguneko Topaketetara idatzita eraman zuen bere ekarpena. Argazkia: Dani Blanco.

Orain krisi latzean dagoen erregimen honen hasieran ezagutu nuen ARGIA. Euskal Herrian Euskaraz-en nenbilen ordurako, euskara ikasi berria.

Astekari bat euskaraz! Horixe behar nuen nik. Informazioa astero. Gerraren giro latzean euskara dexente galdua zuen gure amak: “ARGIA, hori gure etxean zegoen!”.

“Prentsa euskaraz” egunetan, hor ibili ginen orain baino askoz erdaldunagoa zen Gasteiz hartan harpidedunak handik edo hemendik ehizatu nahian. Paperaren kalitatea ez zen ona, baina azal asko eder ederrak ziren. Eta edukia, interesgarria. Hala ere, arabar gisa ikusten nuen gutxitan islatzen zirela Arabako kontuak ARGIAn.

Izan nuen garai hartan Joxemi Zumalabe eta beste lauzpabost gazteren gaupasa heroikoen berri. Inor miresten banuen garai hartan gazte horiek ziren. Gero, urte batzuetara Lorea Agirrek idatzitako Joxemi Zumalabe liburua begiak malkotan irakurri nuen. Agirreren arabera, gazte horien gaupasa latzetan ogitartekoetan oinarrituko dietak izango zuen zer ikusirik Zumalaberen heriotza goiztiarrean. Epopeia hori azaldu nien orain hiru urte Eslovakiako Nitra hirian bildu ziren esperantistei, eta han ere baten bati busti zitzaizkion begiak.

EHEkook hasi ginen ARGIAren banaketa xumea egiten Gasteizen. Oker ez banago, Herrikoia eta Axular liburu-dendetan, eta orain Laboral Kutxaren bulegoetan inkrustaturik dagoen Dato kaleko kioskoan. Azken hau oso gogoan dut: Hamar ale eramaten nituen eta hiruzpalau saltzen ziren.

Harpidetza bat nola lortu nuen ez dut ahaztekoa. Txipi Ormaetxeari proposatu nion harpidedun izatea. Zalantzan ikusi nuen, ez zuen oso garbi ikusten. “Begira nire logelako armairuaren gainean ditudan ale zahar guztiak –80 edo 100– oparituko dizkizut”. Nik dakidala ez da damutu.

Gure irakasle garaian ikas-bidaiarako izan zuten ikasleek ARGIAren egutegia diru iturri. Baina noizbait ikasleren batek ez zuen ondo ulertu: “Zuretzako dirua atera nahi duzu?” militantzia klasikoa ezin ulerturik…

Ederra izan zen ARGIAren kumea, Euskaldunon Egunkariaren sorrera.

Aspaldiko urte batzuetatik hona goraino igo da ARGIAren kalitatea, gaien trataera, naturarekiko kezka, genero ikuspegia, espiritu kritikoa. Arabarron errealitatea egoki islatzen da bertan.
Aurten Italian Egalecen (Berdintasunerantz) talde esperantistak antolatuko genero berdintasunari buruzko tailerrean, emakumeen presentzia aldizkarietako argazkietan aztertzen egon ginen. Gero ARGIA ere gainbegiratzea proposatu nien. Harrituta eta pozik jendea. Argazkietan %50a baino gehiago emakumeak ziren.

Astero ARGIA eskutan hartzen dudanean mundua eraldatzea posible dela sinisten dut berriro. Eta mundua eraldatzeko tresnak ematen dizkigu. Eta sakelakotik eta ordenagailutik ere bai. Gasteizko giro eraldatzailetarako tresna bikaina.

Xabier Rico Iturriotz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA