[Itsaso Zubiria Etxeberria] Isileko lana izan da. Ezkutukoa. Ahantzitakoa. Kalera atera den arte, borrokarako prest, duintasunez. Inor gutxik ezagutuko zituen orain bi urtera arte Bizkaiko egoitzetako langileak, baina oihu egin dute entzun behar izan ditugun arte, bestaldera begiratzeko aukerarik utzi gabe. Taldean. 378 eguneko greba luzearen ondoren, kamiseta berdeak aireratu dituzte garaipena ospatuz; eta orain historia idazteko garaia iritsi da. Onintza Irureta Azkune Argiako lankideak osatu du Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak liburua, Manu Robles Arangiz Institutuarekin elkarlanean.
Bi zatitan bereizten du, nolabait, liburua egileak. Greba luze hori ulertzeko, historiara jotzen du, hasteko. “1980ko hamarkadatik 2016ra arte sektoreak izandako bilakaera ezagutu beharra dago lanuzte hori ulertzeko”, dio Iruretak, “ez da egun batetik bestera piztutako protesta bat, bilakaera bat du”. Irakurlea testuinguruan kokatu nahi da lehen atal honekin, historia osotasunean ulertzeko. Bigarren zatian, berriz, greban parte hartutako zortzi emakumeren testigantzak bildu ditu. Elkarrizketa hauek, ordea, askorako eman dute, bizipen ugari kontatu dituzte, eta liburuaren egileak ez du grebaren kontakizunera bakarrik mugatu nahi izan: “Grebak hasiera eta bukaera du, eta kontatzen digute nola hasi ziren, ibilbidea zein izan zen, protestak nola antolatu eta egin ziren… Baina azaldu dizkigute, baita ere, egunerokoan beren enpresetan bizitakoak, jasandakoak, lan-baldintzak… Parte hori ere garrantzitsua da, borroka hori ulertzeko”.
Urtebeteko lanaren ondoren ikusiko du argia liburuak. ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuarekin batera, otsailaren 20an aurkeztu da liburua Bilbon. Irantzu Varelak egin du hitzaurrea, eta bera ere aurkezpenean izan da, Bilboko Bira Kultur Gunean. Hurrengo aurkezpena martxoaren 7an izango da Baionan, 20:30ean Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan (Cordeliers karrika 20, Baiona ttipian) eta ondoren iritsiko dira gehiago ere.
Azken aldian sektore prekarizatuetako emakume asko eta asko ikusten ari gara kalean, borrokan, antolatuta, eta sektore hauek guztiak bilduko dituen mahai-inguru bat antolatzen ere ari dira Argia eta Manu Robles-Arangiz Institutua elkarlanean.
1 Iruzkin
[…] Orain bi aste esan genizuen txoko honetan, Bizkaiko erresidentzietako borrokari eta 378 eguneko grebari buruzko kontaketa eta testigantzak biltzen dituen Berdea da more berria liburua ez zela argitalpen hutsean geratuko, egingo zirela gaiari lotutako gauza gehiago. Hemen lehena. Liburua elkarlanean argitaratu duten Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk mahai-ingurua antolatu dute Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren 27an. […]