[Itsaso Zubiria Etxeberria] Kontaktua asko gustatzen zait. Usaindu ahal izatea, bi eskuekin laztantzea. Edozein tarte eta leku da ona; etxea, hondartza, komuna, garraio publikoa… Harremanak geroz eta birtualagoak ditu jendeak, baina nik oraindik ere nahiago dut hezur-haragia. Plazer fisikoa. Liburu bat eskuetan hartu eta leku lasai batean irakurtzearen plazera.
Badauzkat liburu franko egongelako apaletan, “hurrengoen zerrenda”n sartuta. Eta gaur aurkeztera natorrena ere, Gorka Bereziartuak plazaratu berri duen Ez gara neutralak liburuaren ondoren, zerrendaren hasieran jarri dut. Ondoko orrian eman dizute albistea: Jakoba Errekondok 1.111. artikulua idatzi berri du aurreko astekarian. Aukera baliatuz liburu bat argitaratzera doaz 1.111 artikulu horien antologiarekin. Noski, ez dira 1.111 testuak sartzen, eta bateko bat kendu diote, potoloena, milakoa. 111 dira artikulu hautatuak, beraz.
Aukeraketa prozesua
Artikuluak ez ditu Errekondok berak aukeratu. Hogeita bi hautatzaile egon dira prozesuan, Jakobaren lagunak denak. Emakume eta gizon, lurraldetasunarekin adi, badaude bertsolariak, idazleak, kazetariak, hizkuntzalariak, musikariak, zinegileak, artistak, botanikoak… Bakoitzari garai ezberdinetako berrogeita hamarna artikulu banatu eta horietatik bost aukeratzeko lana jarri zitzaion. Horrela 110 testuren bilduma osatu da, eta 111. artikulua Errekondok berak idatzitakoa da, astekariko 1.111. artikulua, hain justu (azaroaren 3ko zenbakian ateratakoa, Hosto-bidea eta hosto-trufa izenburua duena).
Gorka Arrese izan da editorea eta hari galdetu dizkiot xehetasunak. Balorean jarri du askoren arteko lana izatea, asko eta desberdinak baitira Errekondoren jarraitzaileak, eta askoren begietatik testuen hautaketa anitzagoa izan baita, hogeita bi lagunen idatzizko kolaborazio txiki bat tartean dela, gainera.
Maitane Gartziandiak egin du liburuaren diseinua. Arreseren hitzetan: “Liburuari eman dion formak organikoa bihurtu du Jakobaren ideia. Materialak, koloreak, tamaina, egitura, tipografia, irudiak… dira sotilak, ugariak, funtzio eta irakurketa aukera ezberdinak eskainiko dituztenak”.
Plazer bat horrelako bilduma puska bat etxekoa eta euskaraz izatea.
Argiaren azokan eros dezakegu, Errekondok sinatuta
111 hostoz eta orriz jantzi liburua eskuratzeko errazena azoka.argia.eus webgunean erostea da. 20 euro du prezioa eta nahi duenak aukera dauka norentzako den adierazi eta Jakoba Errekondok sinatuta eskuratzeko.
22 egileak
Sustrai Colinak idatzi du liburuaren sarrera. Eta egile sorta anitz honek egin du artikuluan hautaketa eta hauen aurkezpen sarrera: Antton Olariaga, Anjel Lertxundi, Sagrario Aleman, Elixabete Garmendia, Xabier Montoia, Itxaro Borda, Alex Mendizabal, Andoni Egaña, Arantxa Iturbe, Joseba Tapia, Pantxika Maitia, Koldo Almandoz, Idoia Torregarai, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio, Leire Etxaide, Estitxu Eizagirre, Onintza Enbeita, Markel Lizasoain eta Eneko Mitxeo, Amets Arzallus, Beñat Sarasola eta Danele Sarriugarte.