Deabruaren Abokatuari adio

argia
0
Deabruaren abokatua
Jean Haritschelhar izan da Deabruaren Abokatua saileko azken elkarrizketako protagonista.

Ohartuko zineten, ARGIAren 2013ko lehen aleak esku artean erabiltzen hasi ahala, azken urteetan aldizkariari hasiera eman izan dion Deabruaren Abokatua saila desagertu dela.

2007ko apirilaren 29an argitaratu genuen lehen aldiz –Markos Zapiaini egin genion elkarrizketa orduan (pdf)–, eta joan den abenduaren 30era bitartean 262 elkarrizketa eman ditugu bertan. Behin baino ez zuen huts egin atalak, 2011ko urriaren 30ean, ETAk jarduera armatua betiko uzteko erabaki historikoak aldizkarian “leku” egitera behartu zuenean. Oraingoan, baina, haren hutsa ez dagokio momentuko beharrari: behin-betikoa da.

Elkarrizketa labur, bizi eta zirikatzaileak egiteko sortu genuen Deabruaren Abokatua; zuek epaituko duzue, noraino lortu dugun hala izatea. Bidea egiten hasi bezain laster konturatu ginen oso perfil zehatzeko pertsonaiak eskatzen zituela era horretako elkarrizketak. Ez zen nahikoa esateko gauza interesgarriak edukitzea; Abokatuaren doinuarekin bat etortzen ere jakin behar zen. Ahal zen heinean pertsonaia ezaguna izatea ere nahi genuen, lehen kolpean, argazkia ikuste edo izena irakurtze hutsez, irakurlea erakarriko zuena. Erronka polita, zaila ere bai batzuetan. Zorionez, oso kolaboratzaile finen esku egon da lan hori bost urte eta erdi pasa hauetan: Sustrai Colinak hasieratik bukaeraraino egin du Deabruaren Abokatuaren ibilbidea, eta bidaide izan ditu Fermin Etxegoien lehenik eta Aritz Galarraga ondoren. Eskerrik beroenak hirurei.

Euskal Herria txikia da, eta “deabrugaiak” agortuz zihoazkigula iruditu zitzaigun halako batean. Horregatik sailari amaiera duina ematea erabaki genuen, geure buruei aukera eman gabe nola-halako betelanean hasteko. Rockero ospetsuak bezala, Deabruaren Abokatua heriotzan eder ager zedin nahi genuen. Pena pixka bat ematen du ia sei urtez lagun izandakoari adio esateak, baina erabakiaz damutuko ez garelakoan gaude. Eta agian, uste baino lehenago, bueltatuko dira elkarrizketa laburrak ARGIAra, abokatu batek eginak ez badira ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA