[Itsaso Zubiria Etxeberria] Kontzientzia izatea ondo dago, pauso bat da. Baina noraino dauzkagu sartuta gure buruetan hitz egiteko moldeak? Zenbateraino eragiten du kazetariaren lanak, esaten edo idazten dugunak, jendartearen diskurtsoan? Nahikoa erreparatzen al diogu egiteko moduari? Egiten dugun hizkuntzaren erabilerak ba ote du eraginik entzule-ikusle-irakurleengan?
Antxeta irratiak indarkeria matxista euren “etxean”, irrati komunitarioan nola lantzen duten aztertu du. Orain urtebete egin zioten galdera beren buruei: “Kontzientzia badugu, baina nola eragiten dugu guk indarkeria matxistaren aurrean?”, azaldu digu Aitziber Zapirain, irrati libreko kideak.
Indarkeria matxistaren aurkako egitasmoa garatzen urte batzuk daramatzate jada Bidasoaldeko irratian. Elkarrizketa sortak egiten dituzte urtero, gaia josten duten hariei tiraka: indarkeria fisikoa, indarkeria sinbolikoa, indarkeria hezkuntzan… Baina beharra ikusi zuten barrura begirako lanketa egiteko.
Orain artekoak
Hala Bedi irratiko kideekin, Arrosa Sareko koordinatzailearekin eta ZebraBidea magazineko gidariarekin egin dituzte elkarrizketak eta bidelagun duten Amelia Barquin adituaren hitzak ere azpimarratu ditu Zapirainek: “Formazio beharra dago, baita esperientziak, zalantzak eta kezkak planteatzeko espazio baten beharra ere”.
Irratian gidoia aurrean izan edo ez, inprobisazioari tarte zabala ematen zaio, baina hala dio kazetariak: “Ongi komunikatzen jakin behar dugu. Esaten duguna edo esan nahi duguna nola esan behar dugun asmatuz”. Gogoetaren beharra ikusi zuten. Irratietatik hasi eta prentsa idatzi eta telebistaraino.
Irrati libreetan hasitako bidea da eta orain gainontzeko komunikabide herritarretara zabaldu nahi dute. “Orokorrean euskal hedabide herritarretan nola komunikatzen den begiratzen ari gara. Ez da soilik nola komunikatzen den, baita zer komunikatzen den ere. Nor den informazio iturri, nori ematen zaion ikusgarritasuna, zein pertsona eta zein ereduri… Beraz, Argiarekin bilduta gaiarekiko bere lan eredua ezagutu nahi dugu”.
Prozesua bukatutakoan elkarrizketa guztiak argitara emango dituzte. Beste ezer diseinatu gabe badago ere, gustatuko litzaieke hemendik aurrerako kezkak eta zalantzak partekatzeko plaza bat sortzea, “deus astuna izan gabe, konfiantzazko espazio bat, elkar elikatzeko”.