[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zorteko zarete Irun, Hendaia, Hondarribia eta Arrasateko Argiaren harpidedunak. Akaso zuetakoren batek topatu du etxeko buzoian astekariko azken alea sartzen banatzaile berria. Correos edo La Poste-ko uniformerik gabe, bizikleta gainean. Banaketa sistema berria martxan da herri hauetan, Gasteizen Eraman kooperatibak duela urtebete abiatu zuen bide beretik. Bigarren kolpe honekin jada Argia jendearen %7k jasotzen du astekaria bizikletaz banatuta, eta kooperatiba berriak sortu ahala kopuru hori igotzea da helburua.
Burujabe ez izatearen desabantailak
Gaur egun gehienbat (duela urtebetera arte osoki) posta zerbitzuz banatzen da ARGIA: Hego Euskal Herrian Correos-ekin eta Ipar Euskal Herrian La Poste-rekin, baina Euskal Herria modu zentzugabe honetan zatikatzen duen sistemaren ondorioz, ez dira gutxi harpidedunek jasaten dituzten arazoak eta atzerapenak. Prozesuaren parte hori ARGIAren eskuetan ez izatearen desabantailak dira, burujabetza falta, nolabait esateko. Eredu honi alternatiba bilatu nahi zaio, herriz herri, banaketaren logistikak izan ditzakeen konplikazioez kontziente.
Paul Iano komunikabide honetako kolaboratzailea da, idatzi izan du barrutik ezagutzen duen banaketa sektorearen prekarietateari buruz ere, eta bera da Gasteizko Eraman kooperatibaren sortzaileetako bat. Sektoreari zor zaion errespetua itzuli, lan duinak sortu eta lurraldearekiko eta ingurumenarekiko jasangarria den eredu bat eskaintzea dute asmo. Hari mutur horri tiraka sortzen ari dira zonaldeka banaketa kooperatiba berriak, balore horietan oinarrituta.
Txirrindaz banaketa egiten duten kooperatiben bidelagun
Pentsatu globalean eta ekin lokalean. Txikitik eragin, alegia. Proiektu independenteetan sinesten du ARGIAk. Banketxe, enpresa multinazional edo alderdien eskuetatik kanpo. Baina hau egunero gauzatzeko lagunen babesa, konpromisoa eta laguntza ezinbestekoa da. Sarea. Guk Argia jendea dugun bezala, banaketa kooperatiba hauek ARGIA izango dute bidelagunetako bat. Euskal Herriko txokorik urruneneraino ere garaiz, euskaraz, duin heltzeko.