[Itsaso Zubiria Etxeberria] Izen horrekin sortu da astekariko sail berria, aldizkaria itxiko duena, atzeko orrialdekoa. Beranduegi-ren papereko tarteak eman beharrekoa eman duela ikusita –formatu digitalean jarraituko du–, Gorka Bereziartuaren sinadurak egingo dio erreleboa.
Trantsizio garaian Zeruko Argian irakur zitekeen Baietz astea gaizki bukatu atalari erreferentzia eginez jarri zaio titulua sail berriari. Aldaketa sakonak bizi ziren garai korapilatsu haietan Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatzen zuten asteroko artikulua eta hauek hartu ditu Bereziartuak “Jainko partikulartzat” egun bizi dugun lurrikara handi hau ulertzeko gako batzuk bilatu nahian. “Ez nuke umorezko artikulu bezala definituko, gehiago izango du puntu ironikotik”, azaldu digu egileak.
Fauna publikoa atalaren sortzaile, erre zen kapitulu hori ere; akaso bazuen formatu zurrun samarra, azken batean aste horretan pertsonaia publiko batek botatako esaldi bati buelta ematea baitzen. Ezetz astea ondo bukatu sailak joko eremu zabalagoa du. Aktualitateari lotutakoa da, batzuetan asteko gaia izan den albiste nagusiari helduko zaio, baina jolastu ahal izango du hain albiste potoloa izan gabe txiki bati tiraka egiten den analisiarekin ere.
“Atera nahi dut azken denboretan prentsan sarriegi ikusten dudan idazteko eskemetatik”, azaldu digu kazetariak, “X-ek egiten dituen ekintzak ulertzen eta aztertzen ditugu, nolabait, aurrez markatuta ditugun marko politiko batzuen barruan eta iruditzen zait eskema horiek zehatzegiak direla, malgutasun gutxikoak, eta aukera asko geratzen direla marko horietatik kanpo”, jarraitu du. Idazkerari eman nahi dio garrantzia.
Urte berriarekin batera ezagutu dugu atal berriaren lehen entrega. Zurrunbilo handi honetan sortzen doazen mugimenduen arabera joango da batetik bestera albisteei, portaerei, gizarteari erreparatzen eta denborak erakutsiko digu asteak ondo bukatzen diren ala ez.