Euskararen errepublika, egun batez bada ere

argia
0
Ziburun 33 argitaletxe izango dira aurten, eta bi karpa, bata azokarentzat eta bestea ekitaldientzat (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gainean dugu Ziburuko 3. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aurtengoa ekainaren 4an ospatuko da eta maiatzaren 10ean prentsaurrekoa eskaini dute antolatzaile diren Baltsan Elkarte ziburutarrak eta ARGIAk. “Euskarak batzen du mugek bereizten dutena”, azpimarratu dute euskara hutsezkoa eta Euskal Herri osokoa –bai antolatzaileen eta bai bisitari, artista eta argitaletxeen aldetik– den Azokaren aurkezpenean.

Indartzen doa pixkanaka 2019an Azoka honen historian lehen lerroak idatzi zituena. Urtebeteko geldialdi behartuaren ondotik 2021ean bigarren edizio sendoagoa antolatu zuten egun osoko egitarauari eutsiz, ekitaldi gehiago antolatuz eta argitaletxe eta diskoetxe gehiago gonbidatuz –22 argitaletxe izan ziren, lehen urtean 16 izan zirelarik– eta 2022an, oinarri sendoak eraikita, 33 argitaletxe izango dira Ziburun eta eguna borobiltzeko ez dira faltako bertsolariak, mahai-inguruak, kontzertuak eta haurrentzako ikuskizunak, besteak beste.

Euskara du oinarririk sendoena Azokak. Oinarri eta helburu. Programazio kulturalak egun oso batez euskara hutsez bizitzeko aukera eskaintzen du, euskaraz komunikatzeko, harremanak egiteko, sorkuntzarako… Euskara baliatu nahi da batzeko gure artean ditugun mugak: Euskal Herria zatitzen duten muga administratiboak, euskaldun berri zaharren artekoak, kostaldekoak eta barnealdekoak…

Aurtengo berritasunak

Zubi lan horren beste atal bat izango da Azokari hasiera emango dion Zubiburu mahai-ingurua. Bi idazle gomitatu dituzte: bata urtetan aritua eta karia horretara omenduko dutena, Janbattit Dirassar ziburutarra, eta bestea hasi berria den Amaiur Epher gazte izpuratarra. Beren esperientziak trukatuko dituzte, idazte lanaz, euskararen hautuaz, tratatutako gaiez…

Horrez gain, aurten bi karpa egongo dira: azokarena bata eta ekitaldi kulturalena bestea. 33 argitaletxe eta 9 diskoetxeren lanak ezagutzeko aukera izango dugu egun honetan, eta iragan urteko programazioa aberastuko dute beste hiru ekitaldik: bi musika saio eguerdiko pausan Boga eta Atalaia ostatuen aurrean eta Pantzo Irigarairen ahotik umorezko saio bat arratsaldean. 19:00etan itxiko da Azoka eta 20:00etan Adar taldeak emango dio amaiera egunari.

Euskarak izango du bizia euskaradunok euskaraz bizi nahi badugu. Ziburun elkartuko gara, irakurle, euskararen errepublikan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA