Ez erori estolda mediatikoetan eta aukeratu kazetaritza independentea

Axier Lopez
0

Egunotan argitara atera da Espainiako aparatu parapolizialen eta haien estoldetan hazitako komunikabideen arteko elkarlanaren enegarren kasua. La Sexta telebista kateko zuzendariaren eta Espainiako estolderietako pertsonari ezagunenaren arteko audioek argitara atera dute nola hedabide horrek publikatu zuen politikari bat publikoki suntsitzeko moduko informazio bat, nahiz eta hasieratik jakin gezurra zela. Oso baliagarria izan da berriz ere ulertzeko Espainian botereak nola funtzionatzen duen: 1978tik aurrera, botereak baliatu du itzalpeko aparatu parapoliziala aldian-aldian “Espainiaren etsaitzat” jotakoak birrintzen saiatzeko. Izan euskal nazio askapenerako mugimendua, katalan independentistak ala Podemos eta haren buruzagiak. Gerra zikin horrek ezinbesteko izan ditu haien interes politikoetara makurtzeko prest diren hedabideak eta kazetariak, gure ofizioaren lotsaizunerako.

Eskuinean kontrolpean zituen medioez gain –frankismotik zetozen Diario Vasco eta El Correo kasu–, hedabide berriak sortu eta haien jabetzaren kontrola bermatu zuten: bankariak, enpresari sartutako politikariak, publikoak ziren enpresa pribatizatuak, inbertsio-funtsak eta, oro har, Espainiako bipartidismo historikoari lotutako enpresa eta multinazionalen bitartez. “De aquellos NODOs, estos lodos” diote erdaraz panorama laburtzeko. Eta horrela, hedabide horietako kazetari nagusien lana ez da boteretsuen jarduna fiskalizatzea izan, baizik eta agintarientzat lan egitea, beren komunikatu ofizialak edo filtrazio ez-ofizialak transmititzeko kate soil gisa, gehienetan informazioa baieztatu ere egin gabe, El Mundoko zuzendari ohi David Jimenezek salatu zuenez. Batzuk sarritan boterearen prentsa kabinetea besterik ez dira eta beste batzuk soldatapeko matoiak. Inda, Ferreras, Cebrian, Prego eta enparauak icebergaren muturra baino ez dira.

Tamalez, Euskal Herrian ere gehien irakurtzen, ikusten eta entzuten diren komunikabide gehienak estolda horiei lotutako enpresa eta multinazionalenak dira Hegoaldean, eta Parisetik zuzenduak Iparraldean. Denak erdaraz pentsatuak eta gehienak Euskal Herriaren burujabetza prozesuen aurkakoak eta hamaika intoxikazio kanpainatan parte hartuak –“Dena da ETA” teoriarekin atxilotutako ehunka pertsonak informatiboki nola tratatu dituzten ikustea besterik ez dago, horietako asko absolbituak izan badira ere–.

Zorionez, baina, Euskal Herrian badira oinarriak panorama mediatiko ustel horretatik ateratzeko. Euskarazko komunikabideok bestelako kazetaritza egiten dugu, eta besteak beste, horregatik ustelkeria kasu hauek salatzen ia bakarrak izan gara Espainiako Estatu osoan hedabide katalanekin batera –kaltetuek salatu eta eskertu dutenez–. Hedabideen sektorea lehia politikoaren esparru garrantzitsuenetakoa da, baina kritika ez da nahikoa. Kazetaritza eta enpresa-eredu toxiko horietatik atera eta alternatibak elikatzea ezinbestekoa da, behetik eta ezkerretik. Hego Euskal Herriko erakunde publikoek ere hedabide horiek diru publikoz josi dituzte, batez ere publizitate instituzionalen bidez milioika euro emanez urtero. Hortaz, beste bide bat jorratu nahi dugun hedabideok, egoera bidegabea ikusarazteaz gain, ezinbestean herritarron babesa behar dugu.

ARGIAko kideok, kazetaritza eta ekonomia eraldatzailea iparrorratz, Euskal Herrian estolda informatibo horiei lehia egin nahian gabiltza buru belarri, bestelako baliotan oinarritutako informazioak eskainiz. Txikitik eta euskaraz, eraiki nahi dugun herriaren oinarriak finkatu eta praktikara eramaten saiatzen.

Horregatik guztiagatik, oraindik pausoa eman ez baduzu, ARGIA irakurtzetik proiektua ekonomikoki babesten duen komunitatera batzeko gonbidapena egin nahi dizugu. Badakigu garai zailak direla, horregatik etengabe errepikatzen duguna gogorarazi nahi dizugu: ARGIAko harpidetza ereduari esker, norberak erabakitzen du zenbat diru eman nahi duen eta zer jaso bueltan.

Kazetaritza independenterik gabe, ez dago demokraziarik.
Aukeratu independentzia, egin ARGIAkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA