[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ziburu da Durango berria. Txikian. Baina hori da maite dugun formatua ere. Abendu hasierarako hamaika idazle eta musikari izan ohi dira lan berriak kaleratzen dituztenak, baina bada ekainaren lehen asteburua ere kontutan hartzen hasi denik. Ño! komikia aurkeztuko dute Ziburuko Euskal Disko eta Liburu Azokan Maitane Gartziandiak, Eli Pagolak eta Miren Artetxek.
Emakume bertsolarien esperientziatik eta esperientziez hitz egingo duen liburua ondu dute hiru lagunek. Bertso-saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar egoera jakin dira, hamar eszena, testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatuko dituztenak, kideen arteko konplizitate-keinuei eta gozamenari gorazarre eginez.
Hona kontrazaleko testua, ideia bat egiteko: “Auto bidaiak bertso saioetara bidean. Zorizko aliantzak eta adiskidetasunak. Oholtzapekoak. Oholtza gainekoak. Botere hartzeak, garagardoak eta konpresak. emakumeok jendaurrera jauzi egitean bizi ditugun pozak, alegia”.
Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar
Komikiari kontrapuntua emango dion pertsonaia. Errenteriako fabrikako langilea eta bertsolaria izan zen eta argazki-muntaia bidez txertatu dute liburuko pasarte desberdinetan, “gaurko bertsolariak xaxatzeko”, egileek diotenez.
Irudiak hartzen du pisurik handiena eszena guztietan eta bertso-mundua ardatz badu ere, ez dugu komiki osoan bertso bat ere irakurriko.
Liburua osatzearen prozesua
Album ilustratuak sortzeko Biko-teka ikastaroan, 2021ean, ekin zioten lanari hiru lagunek. Lehenago Miren Artetxeri proposatua zioten komiki bat egiteko lana, honek Maitane Gartziandia ilustratzaileari aipatua zion ordurako eta Eli Pagolarekin ere hitz eginda ziren. Garairako ARGIAk onartua zuen liburua argitaratzeko eskaera.
Iruñean ikastaroak iraun zuen astebete horretan osatu zuten gidoiaren bizkarrezurra. Eszenak proposatu zituzten bi bertsolariek, ilustratzaileak marrazkiak egin eta horiei hitza jartzea izan da azken lana. ARGIAren webguneko Azokan duzue salgai.