Kazetaritza eginez ikasten da

argia
0
Aitor Gurrutxaga (ezkerrean) eta Ilargi Manzanares (eskuinean) ekainetik abuztura arte ari dira ARGIAko erredakzioan praktikak egiten. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ai, ai, hik lan eta nik jai!”, lagun batek baino gehiagok kantatuko diete aurtengo udan Ilargi Manzanaresi eta Aitor Gurrutxagari. ARGIAn praktiketan ariko dira datozen bi hilabeteotan –ekainean hasi eta abuztura arte–, jada martxa hartuta dute eta beraiekin hitz egin dugu, beti egiten dugun moduan, jakite aldera nondik datozen, nora doazen –edo joan nahiko luketen, bederen–, zergatik aukeratu duten gure etxea…

Bukatu berriak dituzte unibertsitate ikasketak. Manzanaresek filosofiako gradua eta Gurrutxagak, berriz, kazetaritzakoa. Bigarren hau ibilia da beste arlo batzuetan lanean, baina lehen aldia da bientzat kazetaritza lanetan jardutea. “Filosofia ikasketek ez dute lotura zuzenik kazetaritzarekin, baina beti iruditu izan zait lan interesgarria, asko ikasteko balio duena, eta horregatik eman nuen izena praktikak egiteko”, azaldu du Manzanaresek. “Kanpotik ikusita behintzat, kazetaritza independentea egiten duen hedabide bakarrenetakoa dela dirudi ARGIAk, eta horregatik aukeratu nuen. Gainontzekoek alderdi instituzionalekin zuzeneko harremana dute eta haien interes eta agendari erantzuten diete”, azpimarratu digu Gurrutxagak.

Egiten ari diren lanarekin eta ARGIAn topatu duten “giroarekin gustura” daudela esan digute biek; “gustuko gaiak lantzen ditugu eta eroso sentitzen gara”. Ilargi kultur arloan aritzen da pozik, “betidanik” izan omen du gaiaren inguruko zaletasuna eta, ahal dela, horretara jotzen du. Aitorrek, berriz, “kaleko politikara” jotzen du: “gehiegi erreparatzen zaio politika instituzionalari, eta gutxiegi ‘kaleko’-ari. Hainbat eta hainbat dira Euskal Herrian egunerokotasunean politika independenteki egiten dutenak, eta komunikabideek arreta gutxiegi jartzen dute haiengan. Niri interesa pizten didate gai horiek”, dio.

Eta gero zer? Galderari ziurgabetasunez erantzuten diote. Manzanaresek lotuta du datorren irailean egingo duena, filosofiari lotutako master bat egitera joango baita Madrilera “baina ez dut gerorako plan berezirik, nire kabuz idazten eta ikasten jarraitu nahi dut”, azaldu digu. Gurrutxagak ere ez du baztertzen masterren bat egitea, ez eta kazetaritzaren bidean jarraitzea ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA