Efemerideak, Zizeron eta egutegi jendea

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zizeronen hitzekin egin diote aurkezpena 2024ko ARGIAren egutegiari: “Memoria ahuldu egiten da lantzen ez bada”. Ez zen edozein, tipo erromatar hori e! Eta ez du arrazoi faltarik (esaldi honetan behintzat). Ez, irakurle, aurten ez dira egutegi ‘tako’aren atzealdeak sudokuz eta gurutzegramaz beteko; ez gara memoria lan horretaz ari. Ahanzturan eror ez daitezen oroimenera ekarriko ditugun gertakizunez ari gara. Efemerideez.

Bosgarren urtez ondu du lan hau ARGIAk, hedabide hegemonikoek beren errepaso historikoetatik kanpo uzten dituzten historiak bilduz; eta aurtengoa urteurren borobilez kargatuta datorrela azaldu digute. Egutegia ez da, ordea, beti efemerideekin osatu.

1991. urtean osatu zuen ARGIAk estreinakoz egutegia. Etxeko paretan ordura arte euskarazko kalendarioa zuenak kutsu erlijiotsukoa izango zuen, ez baitzen besterik, Arantzazuko egutegia baino. Jada zerukoa zen ARGIAk, hortik aldendu nahirik, euskaraz irakurtzeko ohiturak indartu eta irakurle berriak euskarara hurbiltzeko asmoz, Nafarroako AEKrekin elkarlanean osatu zuen lehen takoa, informazio orokorreko datuez lagunduta. 1990eko hamarkada hasiera hartatik hona askotarikoak izan dira orrialde bakoitzaren atzealdean, beti euskaraz, eskainitako informazioak: txisteak, olerkiak, gai zehatzen inguruko datuak, biografiak, errezetak, baratzeari loturiko lanak…

Sukalde askotako erritual bilakatu zen aspaldi eta oraindik familia askotan jarraitzen du ohiturak, ondorengoen etxeetaraino helduta: mahaiaren bueltan (batzuk gosaltzen ari direla eta beste batzuk afalostean) bildutakoek irakurtzen dute eguneko albistetxoa. Beste etxe batzuetako joera den bitartean, Durangoko Azokan urtero takoa erosi eta pentsatzea “aurten bai, aurten egunero txukun-txukun kenduko dizkiot orriak, ez pasa den urtean ibili naizen bezala, hilabetean behin 25 orri batera kenduz”.

Zaren bezalakoa atsegin zaitugu, argiazale, eta zu bezalakoentzat osatzen du ARGIAk urtero, 1991z geroztik, mimo handiz, egutegia. Gero bakoitzak zertarako eta nola erabiltzen duen… etxeko trapu zaharrak norberak gobernatu ditzala!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA