Eta zu, euskaldun jatorra zara?

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez naiz euskaldun jatorretan jatorrena. Ez ditut betetzen urtean zehar egin beharrekoen baldintza guztiak. Lehen ere orrialde honetan esana dizuedalakoan nago, ez naizela Anariren entzule, ezta lau urtean behingo BECeko zortzi orduko zitaren partaide ere. Baina Durangoko Azokara urtero samar joaten naiz eta horrek rankingean puntu batzuk gora egiten laguntzen dit. ARGIA ere bertan izango da, noski, bere klasiko eta nobedadeekin. Zer egongo den eta non, segidan.

Kanaberak dira azken urteetako ARGIAren postuaren ikur. Sarri ez da erraza izaten nahi dugun stand-a aurkitzea eta ARGIAk topatu du urrutira ikusteko formula. Jendetzaren artean makila luzeak gora altxatzearena asmatuta zegoen lehenagotik; ala ez duzu sekula ikusi, pelikula batean bada ere, hiri handiko plazaren erdian ekialdeko turista talde bat, puntan banderatxoa duen haga luzea zut daraman gida aurrean dutela? Aurten informazio gunearen aldamen batean aurkituko duzu ARGIAren tokia: Artekale 17, 18, 19, 20 eta 21. Bost stand izango ditu: bi Bizi Baratzearentzat eta hiru ARGIArentzat. Azken honen kasuan, gainera, oraingoan mahai oso bat komunitateari irekia izango da, lasai solas egiteko espazioa. Azokatik at, Andra Mari elizpean Inor ez da ilegala gunea jarriko da, arkupearen albo batean.

Nobedadeak
2023 urte oparoa izan da ARGIAn eta nobedade guztiak egongo dira salgai. Liburuen kasuan, Zaldi bat ihes garrezko zelaian, Planeta prekarioan, Hausnarrean (2. argitaraldia) eta Ño! komikia. Jolasei dagokienez, Otu, Hizki pizti eta Jarioka. Agenda eta egutegia ezin aipatu gabe utzi, klasikoak bihurtu badira ere urtero baitute aldaketarik. Kasu honetan ARGIA egutegia, Ilargia eta Landareak agenda eta Ilargiaren egutegia.

Zaharragoek ere izango dute beren lekua, nola ez: Bizi baratzea (8. argitaraldia) eta Sendabelarrek dakitena, Etxeko landareak eta Txori urdinak (azken horiek 3. argitaraldia).
Gerturatzen ari da maite ez dugun Espainiako Konstituzioa denok ospatzeko baliatzen dugun zubia, ez dago modan egun horretan lanera joatea, autokarabanak amortizatu beharra dago –euskaldun jatorraren rankingean beste bi puntu!– Baina hartu tarteren bat eta pasa Durangoko Azokatik, ziur topatuko duzula zerbait interesgarria; ARGIAko stand-ean seguru!


Non egongo gara?
BARRUAN: Artekale 17, 18, 19,
20 eta 21 (informazio gunearen ondoan).
KANPOAN: Andra Mari elizpean Inor ez da ilegala gunea jarriko da, arkupearen albo batean.

Noiz egongo dira egileak ARGIAren mahaian?
Jakoba Errekondo: egunero eta kontsultategia.
Garbiñe Larrea: egunero.
Hizki Pizti-ren egileak: abenduak 6.
Josebe Blanco: abenduak 7 arratsaldez eta abenduak 9.
Koldo Izagirre: abenduak 9.
Eli Pagola eta Maitane Gartziandia: abenduak 10.

Aurkezpenak noiz dira?
Abenduak 6, 11:00etan, Saguganbaran: Hizki-Pizti.
Abenduak 7, 19:00etan, Ahotsenean: Hausnarrean.
Abenduak 8, 15:30ean, Talaian: Amillubi Baserria proiektua.
Abenduak 8, 16:00etan, Talaian: Sendabelarrek dakitena.
Abenduak 8, 16:30ean, Talaian: Ilargiaren egutegia.
Abenduak 9, 15:30ean, Talaian: Zaldi bat ihes garrezko zelaian.
Abenduak 9, 17:30ean, Talaian: Ilargia eta landareak agenda.
Abenduak 9, 18:00etan, Talaian: Planeta prekarioan.
Abenduak 10, 11:00etan, Talaian: Ño!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA