Artzainarekin hausnarrean

argia
0
Josebe Blanco ‘Hausnarrean’ liburuaren egilea udaberriko hitzaldiak eskaintzen hasia da. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hausnartzea modan dagoenaren irudipena dut. Zuk ez, irakurle? Gero zenbaterainoko sakonak diren hausnarketok beste kontu bat da. Baina “hausnarketa-fasean sartzearena” nahiko entzuna da azken aldian. “Etxebizitzaren egoeraren inguruko hausnarketa egin behar da”, “etorkizuneko erronkak zehazteko hausnarketa-fase bat ireki behar dugu”, “hizkuntzaren bidegurutzean norabidea markatzeko hausnarketa prozesua beharrezkoa da”… Eta ezkerra (edo ezkerrerago dagoena) hausnarketa prozesuetan murgilduta dabilen bitartean, eskuina zirti-zarta, abiadura handian, hango museo, hemengo eoliko eta besteko greenwashing. Baina noan gaira, hausnarketa modan dagoen bitartean bizi osoa hausnarrean daramaten ardiekin solasean aritzen baita Josebe Blanco Alvarez artzaina eta bai baitu zer kontatua, bere bizipen eta hausnarketetatik. Hausnarrean liburuaren bigarren argitaraldia du eta herriz herri hasia da hitzaldiak ematen.

Hitzaldietara gerturatzen den jendearen behar eta nahietara egokitzen da Josebe, “ez baita berdina hitzaldia agroekologia munduko talde batek antolatzea edo eragile feminista batek, adibidez”, azaldu digu. Interesak ez dira berdinak eta azpimarratzeko gakoak ere ez. “Bi ataletan banatzen dugu normalean solasaldia: liburuaz aritzen naiz lehen zatian, egituraz, helburuez… eta bigarren partea aprobetxatzen dugu mintzatzeko aipatu dizkiedan behar edo nahi horiez, bertaratutakoei interesatzen zaizkien puntuez; eta horretarako liburuko pasarte batzuk edo besteak erabiltzen ditut”, esan digu. Antolatzaileekin aurretik gauza hauetaz hitz egitea gustatzen zaio, hitzaldia ez baita formatu bakarreko azalpen zurruna kasu honetan.

Durangoko esperientzia
Azoketan ohitutako emakumea da Josebe, gazta salmentan ibilia. Komunikatzeko kodeak ondo ezagutzen ditu. Durangoko Azokan, baina, liburu salmentan aritzea egokitu zaio 2023an eta hor, “nahiz eta ARGIAko talde osoak babestuta sentitu, lekuz kanpo bezala egon naiz; inpostorearen sindromea izan dut”, kontatu digu barrez. “Gazta erostera edo dastatzera datorrenak zer eskatzen duen ondo ezagutzen dut, baina liburu bat erostera edo begiratzera datorrenarekin nola jokatu asmatzea ez zait erraza egin”.
Kodeak kode, profil ezberdinetako pertsonengana heldu da Hausnarrean liburuarekin Josebe eta baserri mundua batere ezagutzen ez dutenei giro hori lehen aldiz ezagutzeko balio izan dienetatik hasi eta haur edo gaztaroko bizipenak berpizteko balio izan dien hainbat emakumerenganainoko abanikoa ireki du.

Datozen hitzaldiak:

Apirilak 25 / Agurain / 19:00 / Udaletxean
Maiatzak 16 / Zumaia, 18:30 / Emakumeon* Etxean
Maiatzak 17 / Leitza, 18:00 / Liburutegian
Maiatzak 18 / Artea, 12:00 / Herriko Bentan
Maiatzak 31 / Bilbo, 19:00 / Karmelan (Fika kalea 44, Santutxu)

Ekainak 6 / Gasteiz / 18:30 / Elkar liburu-dendan (San Prudencio kalea)

Josebe Blancorekin aurkezpen bat antolatzeko jo ezazu: solasaldiak@argia.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA