“Gure alea(k) askatasunari buruz”

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lehenengo Larrun aldizkaria eskuetan dudala harrapatu nauzu, irakurle. Eta titulura ekarri nahi izan dut hasiera hartan kanpaina egiteko erabili zuten esaldia, kazetaritza independentea egiten jarraitzen duen ARGIArentzat laurogeiko hamarkada hartan bezain aktuala dena. 1985eko ekain urrun hartan Eustakio Mendizabal Txikia zenaren argazki mitiko bati azala eman zioten aldizkari historiko hura irakurri berri dut eta pribilegiatu bat naiz horrelako dokumentu bat eskuetan eduki ahal izateagatik. Zein arrazoirengatik, baina, iritsi diren denborak horitutako orriok nireganaino? Ospakizunetan delako ARGIA, Larrun gehigarriaren 300. zenbakia argitaratzera ailegatu baikara eta aitzakia aprobetxatu nahi izan dugulako memoria pixka bat egiteko.

Sei hilabetekari bezala sortutako pentsamendu aldizkaria izan zen lehen Larrun hura. Honela azaldu zuten egileek aurreneko zenbaki hartan: “(…)Euskal Herrian bada mugimendu sozial, politiko eta kultural bat bere hirugarren hamarkada osatzera doana, gorabehera eta matiz askorekin baina hari nahiko garbi bati jarraikiz Euskadi berri bati buruz doana (…). Mugimendu horrek langile eta lan guztiak gutxiegi izango ditu beti, eta egin beharrekoen artean armamentu ideologikoaren produzitzea azkartu beharra zegoela iruditu zaigu. Azterketa eta dossierrek ez dute konponduko Euskal Herria, egia da, baina etorkizunari bideak ireki nahian ari garenoi balioko digu, agian. (…) Landu beharrezko alor bat ikusi dugu, beraz, eta lantzeko gai diren gizon eta emakumeak ere badirela, behar bada beren burutazio eta ikerketen emaitzak non argitaratu faltaz alferrik galtzen zituztenak. Produzitzeko arrazoin gehiago badute bada gure intelektualek, plaza berri honekin. Hola Larrun kezka eta zalantza guztien artean sorturik. (…). Historia, ekologia, gizartea hainbat puntutatik iker dezaten saiakerak, euskal kulturaren mundua, politika, munduan zehar argitaratzen diren liburuen berri… Zapaltzaileek ezartzen dizkiguten morrointza ugarien artean ideologikoa ezin dugu ahantzi, eta hainbeste medioz hedatzen dituzten beren mito eta interpretazioei guk geure ikuspuntuak, geure azterketak, kontrajarri nahi dizkiegu. (…). Hemen da tresna bat eta lanik berriz ez da falta”.

Ordurako ARGIAn batzuk ari ziren adar kulturalari tiraka Susarekin, baina bazegoen nahi bat gai batzuk lantzeko astekariak ematen zuena baino sakontasun gehiagorekin. Egiten ziren elkarrizketa batzuei leku gehiago eskaintzeko. Aldizkari independente bezala sortu zuten Larrun eta bazituen bere harpidedunak, ARGIAtik apartekoak. Sinatzaileen artean irakur ditzakegu Gatzaga Taldea, Iñaki Uria, Pablo Sastre, Pello Zubiria, Emilio Lopez Adan Beltza, Jokin Apalategi edo Jean Louis Davant, eta gehiago ere baziren.

1994ra arte iraun zuen sei hilabetekariak eta, hiru urteko geldialdiaren ondoren jarri zuten martxan berriz ere, gaur ezagutzen dugun gehigarria, hilabetekari bezala. Bigarren hau da 300eko zifra ospatzekotan dena. Mahai-inguruen formula erabiltzen hasi ziren 1997an eta urte luzez iraun zuen, gai batean sakontzeko iritzi ezberdinei lekua emateko erabilitako formatuak. Tartekatzen ziren elkarrizketa batzuk, horien artean Xabier Arzalluz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Kristiane Etxaluz edo Miguel Castells.

Larrun-en espiritua
Beti izan da ARGIAren helburua arnas luzeko kazetaritza egitea eta horretarako erreminten artean bat bada Larrun. Gaur egun hilabetekariak erabiltzen dituen estiloak askotarikoak dira: elkarrizketak, erreportajeak, nazioarteko hedabideetatik arrantzatu eta itzulitako artikuluak, liburuen laburpenak…

Erredakzioko kideak dira, normalean, Larrun-en egileak, txandan-txandan; nahiz eta kolaboratzaileek ere egiten duten tarteka. Iñaki Landa ilustratzailea da gaur egun aldizkaria azaleko irudiarekin osatzen duena –Joseba Larratxe ‘Josevisky’ marrazkilariarekin eman zen argazkitik ilustraziorako saltoa portadan–.

Izena eta izana
Modu naturalean mantendu zuten Larrun izena hiru urteko etenaldiaren osteko birplanteamenduan. Marka sortua zegoen, jada ezaguna zen irakurleen artean eta mantentzen zuen hasierako esentzia, gaur egunean ere balio duena. Larrun bada, zazpiak hirutan banatuta jarraitzen dutenean, lotura puntu; Ipar zein Hego, mendi erreferentea; mendiak berak Euskal Herriaren historian esan nahi duen guztia.

Quinta eta sexta esan eta lehen kolpean autoko martxak burura datozkigun belaunaldikoontzat irakurketa politak, lehen Larrun haiek, nondik gatozen ez ahazteko eta 300etik gorakoak ere bai, non gauden eta nora goazen gako batzuk ulertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA