[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ninismoaren kultura honetan egoki sartzen da lan-baldintza duinak norberarentzat eskatzea, norbere lantokian, norbere sektorean. E, eta guai e, ez diot inori opa lan prekarioetan aritzea. Baina bere lan-baldintza duinak eskatzen dituen horrek berdin borrokatzen al du ondokoaren duintasunagatik, kontratatzen duen pertsonaren eskubideengatik? Ala azkar botatzen dugu horrelakoetan eskua patrikara? ARGIAren Lasarte-Oriako eraikina garbitzen du Maitelan enpresak irailetik; justu sektore horretan lanean ari direnen lan-baldintzak duintzen diharduen kooperatiba baita.
Zaintzara bideratuta dago, batez ere, Maitelan, eta kooperatibako kideen jardunak osatzeko aritzen dira enpresetako eraikinak garbitzen. 2020an sortu zen, Amher Hernaniko elkarte antiarrazista eta feministan jarduten zuten emakume arrazializatu talde batek bultzatuta. Denak zebiltzan zaintza lan prekarioetan, eta beren egoera hobetzeko asmoz eraiki zuten gizarte-ekimenerako kooperatiba integrala.
“Helburuak garbiak dira”, dio Elisa Peredo koordinatzaileak: “Lurraldeak zaintza arloan dituen beharrak asetzeko erreminta izatea, kalitatezko zerbitzua eskainita, pertsonan zentratuta eta kontsumo jasangarria lortuz; horretan lan egiten dugunon lan-baldintzak hobetuz (soldata, desplazamenduak, gizarte segurantza, egonkortasuna) lan duina izatea; eta Euskadin hiru urtetik gora daramaten emakumeen erregularizazioa errazteko tresna izatea”.
Hiru bazkide figura ditu kooperatibak: bazkide kolaboratzaileak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide langileak. 27 bazkiderekin hasi ziren martxan 2020an eta 64 dira egun. “Baldintza hobeetan lanean aritzeak dakar kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzea, eta horrek, berarekin, erabiltzaileek gure zerbitzuak gomendatzea”, azaldu digu Peredok.
ARGIAk bat egiten du Maitelanen filosofia eta egiteko manerekin eta horregatik kontratatu du zerbitzua. Kooperatibako koordinatzaileak azpimarratu du beraientzat “garrantzitsua” dela ARGIA bezalako enpresekin lan egitea, “sentitzeko elkarrekin aldaketarako eta pertsonen bizitzak hobetzeko pausoak ematen ari garela”.