[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urteko azken egunetan, eguzkiari emandako bira honetan jasotako gertakari esanguratsuenen bilduma osatzeko tartea hartu ohi da albistegietan. Hedabide bakoitzak baditu oso irizpide desberdinak lehen lerrora ekartzeko albiste egin nahi duena. Bat eta beste entzuten ari naizela, esan didate astekariko azken orriari (Ezetz astea ondo bukatu atala) lekua egiteko txoko honetan, eta 2024aren errepasoa Gorka Bereziartuarekin egin dut. Mundiala.
Aktualitateari beste perspektiba batetik begiratu eta hitzarekin jolas egin. Ondo daki hori egiten Bereziartuak eta uste dut gustura hartzen duela irakurleak kaleko elkarrizketa batean entzun lezakeen maneran irakurtzea; tabernako hizkera, jostaria, xuxen-i okerrekoa agindu eta lizentzia batzuk hartuta (“espainoletik ekarritako hitzak direnenean, saiatzen naiz kontuan hartzen iparraldeko irakurleak, hitz hori erabili ezta ere, ulertuko duela”, azpimarratu du kazetariak).
Asteko albiste nagusiari heldu izan dio batzuetan, beti beste hari batzuei tiraka; baina sarri hartzen ditu egunerokotasunean entzun edo bizitakoak. Irakurri Nire babes osoa edo Edalontzi hautsien amorrazioa. “Igandeak ditut erreserbatuta artikulu hau idazteko eta normalean gaia ere egun horretan bertan aukeratzen dut”, azaldu du kazetariak. “Jarraian idazten dut guztia normalean, momentuan ateratzen zaidan bezala; nago jendeak espontaneo izate hori jasotzen duela eta eskertu”, jarraitu du. Idazkera da momentuko izate hori ematen diona, ukitu berezia. Kazetaritzan hizkuntza neutralagoa irakurtzera ohituta gaude “eta horrek funtzionatzen du gauza askotarako”, gehitu digu azkar, “baina zerbait aldatzeko egin nahi den kazetaritzak idazkerarekin, hizkuntzarekin, hitzarekin jolas egitea ezinbestekoa dela ere uste dut”.
Lasai, irakurle, ez gatoz Gorka Bereziartua agurtzera, ezta gutxiagorik ere. Sekula irakurri gabea bazara, gonbita luzatu nahi dizugu sartzeko 2025eko egin beharrekoen zerrendan Ezetz astea ondo bukatu atala irakurtzea. Eta dagoeneko ezaguna baduzu, jarrai ezazu beste pixka batean labanaz gozatzen.
Jo ezak berriz, Gorka.