1989an lehen Argia Sariak ospatzekotan zirenek ez dakit imajinatu ere egiten ote zuten sariok, etxean, urteetan zehar hartuko zuten dimentsioa. Eta hemen gara, laurogeiko hamarkadaren azken apurretan hain urrun begiztatuko zen 2025 honetan, hogeita hamaseigarren sari banaketa ate joka dugula.
Franco hil ondorengo lehen urte mugitu haietan ernatu ziren euskarazko hainbat hedabide, hala nola, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Iparraldeko hainbat irrati eta eraberritutako ARGIA bera. Testuinguru berezi hartan, sari hauen bueltan batu nahi izan ziren euskalgintza, erakundeak eta familia politikoak; bazkari goxo baten konpainian, bidelagun zirenen lana aintzatetsi, eta atzean utzitakoei aitortza egiteko. Funtsean helburuek jarraitzen dute berdinak edo antzekoak izaten, euskarazko kazetaritza eta komunikazioa lehen lerrora ekartzea baita gogoa, esparru horretako lanei, proiektuei eta pertsonei ikusgarritasuna, onespena eta bultzada emanez.
Gonbidatuen aurpegiak aldatu dira, noski, nahiz eta ordezkatzen dituzten erakunde eta eragileak asko berdinak izan. Dena den, gorbatek galdu dute indar pixka bat eta familia giroa bilatu da gehiago azken urteetan (harpidedun batzuk gonbidatzen dira eta ARGIAk baliatzen du eguna taldea eta proiektua sendotzeko ere).
Antton Mendizabalen garaikurra jaso dute 1991z geroztik saritu guztiek eta aurtengoak izango dira azkenak. Dagoeneko martxan da erreleboa emango dion artistaren bilaketa, oraindik ezer zehaztuta ez badago ere.
Argia Sariak kanal berria
Lasarte-Orian, Txartel-Txokon hasi eta Txitxardin Beltzatik pasaz, Usurbilgo Atxega jauregiko jantokiraino lekualdatuz joan dira Argia Sariak. Felix Sarasola sukaldari eta Argiazale zenaren laguntza ezinbestekoa izan da. Hamaika izan dira sarituak, hasierako irizpideari jarraituta: sariak besteentzat dira, ez etxekoentzat. Azken hilabeteotan artxiboko txukunketa lan batzuk egin dira eta emaitza polita lortuta, Argia Sariak kanala sortu dute, urtez urteko sarituen zerrenda eta argazkiekin.
Urtarrilaren 31 bertan da, eta eskuetan ditut aurtengo sarituen izenak jasotzen dituzten gutun-azalak. Eta 2025eko irabazleak dira…