Opari bat eta bi ‘txibato’

argia
0
'Berdea da more berria' liburua hiru hizkuntzatara itzuli da. Labetik atera berria da frantsesezko itzulpena. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Opor txikietatik bueltan naiz, asteartea, herrian geratutakoa, lanera joan beharrik ez dagoenean eguna lasai hartu eta ingurukoekin etxe abarrean gozatuta, indarberrituta nator. Opari bat topatu dut mahai gainean. Berehala jabetu naiz ez dela niretzat, gaineko oharrean Onintza Irureta Azkune lankidearen izen-abizenak irakurri bezain pronto. Bilduta egon izan balitz ez nukeen irekiko, baina hemen daukat liburua, eskuartean, eta ezin tentazioari eutsi. Nire frantses traketsean irakurtzen hasi naiz, zerbait ulertu nahian.

Borrokan! Comment gagner une grève féministe (Nola irabazi greba feminista bat). Iruretak 2019an idatzitako Berdea da more berria-ren itzulpena frantsesera, ELAren Manu Robles Arangiz Fundazioaren eta Frantziako Editions syndicalistes elkartearen arteko elkarlanak emandako fruitua. Hiru hizkuntzatara itzulia izan da 378 egun iraun zuen Bizkaiko zahar egoitzetako langileek egindako grebaren kontakizun hau. Gaztelaniara (No eran trabajadoras, solo mujeres izenburupean, Maria Coleraren itzulpena; Manu Robles Arangiz Fundazioak argitaratua), katalanera (El verd és el nou lila izenburupean, Oriol Vallsen itzulpena; argitaletxea Tigre de Paper) eta, oraintxe, frantsesera (Borrokan! Comment gagner une grève féministe izenburupean, argitaratzailea Editions syndicalistes). Lehen bien kasuan jatorrizkoa itzuli da, ezer gehitu gabe. Eskuartean dudan honen kasuan, baina, sarrera bat gehitu dio ELAk, eta sindikatua aurkeztu die Frantziako irakurleei; zatirik mardulena hartzen du, ondoren, Onintza Irureta Azkune etxe honetako kazetariak idatzitako testuaren itzulpenak; eta, amaitzeko, Aiala Elorrieta Agirrek (Manu Robles Arangiz Fundazioa) soldata arrakalaren inguruan egindako analisia. Horixe baita, ertz asko dituen borroka honen muinetako bat: generoak baldintzatutako soldata arrakala.

Oparia Onintzari bere mahaian utzi diot eta bi txibato piztu zaizkit buruan: herdoiltzen hasitako frantsesa berriz praktikatzen hasi beharrean naizela eta berrirakurri behar dudala Berdea da more berria (erosteko hemen sartu), tamalez ez baita modaz pasa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA