[Itsaso Zubiria Etxeberria] Durangoko Azokara bisita ondo antolatu behar dudala esan banizuen aurrekoan, erosketen plangintza ere ez da lan erraza gure etxean. Ez dut uste aurten ere denboraz soberan sartuko naizenik Landakora eta jende pilaketek sortzen didaten estres puntua kudeatzea ere ez da nire indarguneetako bat. Bisitatu beharreko postuen ibilbidea antolatzearekin nahikoa ez, eta diru-zorroan zentimo batzuekin etxeratu nahi badut behintzat, erosi beharrekoen zerrenda zehatza ere komeni zait eramatea. Azokako tentazioetan erortzen erraza bainaiz.
ARGIA, Bizi Baratzea eta Inor ez da ilegala postuetan zer erosi:
– 11-12 urteko gazteetatik hasi eta helduontzat ere, Data-Zarta karta-jokoa opari. Zaharrek bezala hitz egiten hasita… gaur egungo belaunaldiek ez baitakite gure historiaz ezer, eta ea zerbait ganorazkoa erakusten dien Euskal Herriko historiaren denbora lerro honek, jolasean bada ere.
– 2026ko ilargia eta landareak urteko lanen agenda niretzat, ea oraingoan lortzen dudan agenda txukun bat erosteko pauso hutsetik agendan gauzak apuntatzen hastera pasatzea. Horra urte berriko erronka!
– Inor ez da ilegala kamiseta berria, arrosa, nire gizonarentzat. Lehen urtean egindako grisa erabiltzen du oraindik, eta jada etxean ibiltzeko. Baina mezu hori kalera ateratzeko da, ezta? Gu ez gauzka konbentzitu beharrik! Bai, uste dut gustatuko zaiola oparia eta kamiseta bat gehiago ikusiko dugu kalean. Eta telazko motxila baten bila dabil koinata. Harentzat, motxila beltza… edo urdina hobe?
– ARGIAren egutegi mitikoa gurasoen etxerako. Ez dut irudikatzen sukalde hura egutegi takorik gabe!
– Baratzean hasi berri den lankidearentzat Ilargiaren egutegia, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba Elkarteak ARGIAren kolaborazioarekin kaleratzen duena. Badirudi deskubritu duela ilargiaren eragina (ez du tabernan lanik egin honek sekula!) eta obsesio puntu batera ere iritsi dela esango nuke. To, 2026ko uztarako balioko din!
– Erraldoi eta buruhandien magian murgilduta dabilzkigun alabei erraldoi eta buruhandien karta-jokoa. Dagoeneko baditu Abentura erraldoia haurrentzako ipuin-bildumako bi liburuak eta pozik jasoko du, ziur, memoria eta familia jolas hau.
– Eta nori oparitu oraindik erabaki ez badut ere, Bizitza baten txatalak liburua erosiko dudala seguru, eta Onintza Enbeitak sinatuta jasotzeko aukera badut, are eta hobe. Akaso opari kolektiboa izango da, eskuz esku pasatzekoa, etxeko eta inguruko guztiek irakurtzeko.
Orain kontuak atera behar ditut. Baina ezin dut zerrenda gehiago murriztu… Tira, hauek erosi eta interesgarri zaizkidanen beste zerrenda bat osatuko dut han bertan, nire agenda berri-berrian, Gabonetarako ingurukoei eskatzeko. Haiek ere erosi beharko dute zerbait!
