[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ume bat entzun dut amari esaten handitan kazetari izan nahi duela, jendeari kontatzeko munduan gertatzen ari dena. Eta zuzenean etorri zait memoriara nik haur nintzela behin baino gehiagotan entzundakoa: kazetari izan nahi baduzu horretan saiatu, baina egin kazetaritza ez den beste ikasketaren bat; kazetaritza eginez ikasiko duzu, jakin beharrekoak beste gai batzuk dira. Garai hartan ez nuen oso ondo entenditzen zergatik esaten zidaten hori, baina denborarekin jabetu naiz ez zebiltzala oso oker. ARGIAn praktikaldia egiten ari diren biek ere bide horretatik jo dute.
Ekain Carrasco Tellaetxe eta Beñat Badiola Etxeberria, biak Zientzia Politikoak eta Soziologia gradu bikoitzeko ikasketak eginak (lehenak, bukatuta eta bigarrenak, bukatzear). Burututako ikasketetan ez dute kazetaritza lantzen, baina biek azpimarratu dute “lanbide honekiko interesa”. “Mundu bat ireki didate praktika hauek, erredakzioa barrutik ezagutzea… kazetaritza master txiki bat izan da”, azaldu du Carrascok eta gehitu du Badiolak: “Baliagarria izan da aldizkariaren eta webgunearen atzean dagoen lan guztia nola egiten den ezagutzeko. Egunero lan handia egiten da kalitatezko eta zilegitasuneko informazioa eskaintzeko irakurleari. Baliagarria izan zait bizi dugun mundu ero honen inguruan gogoeta egiteko”.
Lasartearra bata eta donostiarra bestea, gertutasunak ere asko laguntzen du praktikak aurrez aurre egiteko erredakziora joaterakoan, noski. Carrascok oso-osorik egin ditu bertatik eta Badiolak berriz, bi egunetan erredakziora joanez eta beste bi egunetan etxetik. Batak zein besteak azpimarratu dute bertara joatearen garrantzia, “beste zerbait da erredakzioan egotea, jendearekin, edozein zalantza, proposamen, akats… desberdin kudeatzen da”, esan digute.
“Oso zainduta” sentitu direla adierazi dute “beti laguntzeko prest egoten dira eta gustuko gaiak zein ditugun eta iritzia ere eskatzen digute”, azaldu du Badiolak. Lasartearrak anekdota bat kontatu nahi izan digu: “Praktiketako bigarren astea izango genuen urriaren erdialdera, eta Palestinarekin elkartasunez greba deituta zegoela-eta, langile batzarra egin zuten. Joateko esan zidaten eta iritzia eskatu, gainera! Horrek erakusten du kontuan hartzen dituztela denak”.
Hemendik aurrerakoan zer gertatuko den ezjakin, praktikaldia aprobetxatu izanaren gozo-gustuarekin amaitzear dira Ekain eta Beñat.
Beti geratuko zaigu kazetaritza.