Gerturatu eta (hama)lau

argia
0
Urko Apaolazak 'Net Hurbil'-en idazteari utzi dio. Jenofa Berhokoirigoinekin eta Nikolas Goñirekin batera, hemendik aurrera Jon Torner eta Lander Arbelaitz arituko dira. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urrutiko intxaurrak gerturatzen daramatza ARGIAk Net Hurbil atalarekin urte mordoxka. Pello Zubiriak harilkatuta lehendabizi, Jenofa Berhokoirigoinek, Urko Apaolazak eta Nikolas Goñik erreleboa hartuta ondoren, eta munduak eltzaurrak ematen jarraitzen duela eta, Lander Arbelaitz eta Jon Torner sartu berri dira taldean. Orain arte heldu gabeko hari-muturrei tiraka, baina beti Net Hurbil-en espiritua mantenduz iritsi zaizkigu etxeko bi kazetari jada beterano, sailari ukitu berria ematera.

Urko Apaolaza izango da atal hau utzi eta beste lan batzuetan zentratuko dena. Egin digu balorazio txiki bat: “Pertsonalki asko aportatu didan saila izan da, duen izaeragatik. Net Hurbil-en, bereziki, ikuspegi kritikoarekin landu behar dira gaiak, iturriei jarraipena egin behar zaie, eta aldi berean irakurleari modu interesgarri eta entretenigarri batean aurkeztu behar zaio edukia”. Balorazioarekin batera, ondoren datozenei ere eman dizkie pista batzuk gaiak lantzeko moduaz, eta jarri du azpimarra, esaterako, izenburuak atal honetan daukan pisuan “Pello Zubiriak hala egiten zuen eta ni ere ahalegindu naiz izenburu deigarria eta mamitsua erabiltzen, ironia sartzen…”. Historiaren bahetik pasata iritsi zaizkigu Apaolazaren Net Hurbil-ak eta “hemendik aurrera ere antzeko gaietan ikusiko dugula esan digu, aurreratuz, laster argazki historikoen inguruko sail berri bat ezagutuko dugula.

Berriek zer?
Jon Torner, ezagun dugun moduan, kirolari lotutako gaietan irakurri ohi dugu eta ukitu hori emango dio oraingoan ere. Kirol gertaera batetik abiatuta, auzi geopolitikoez hitz egingo digu, lehenbizikoan egin bezala; baina baita bestelakoez ere… Adibidez, zer gertatzen ari da azken boladan boxeoarekin? Zergatik ikusten ditut gazteek antolatutako ekintzen artean boxeo erakustaldiak sarri? Zer gertatzen ari da gimnasioetan eta zer lotura du honek ideologiarekin, generoarekin, klasearekin?

Lander Arbelaitzek, bestalde, gaia, xehetasun gehiagorik gabe, nazioartea izango dela esan badit ere, azpimarratu dizkit iturriak eta horietan jarri du fokua: “Ahaleginduko naiz nazioartean esanguratsuak diren garaipen txikiak gurera ekartzen, nazioarteko injustiziak kontatzen eta irakurleari beti gai interesgarriak ekartzen”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA