[Itsaso Zubiria Etxeberria] Herriko liburutegian nobedadeen artean dago jarrita Bizitza baten txatalak. Irakurleen eskueran. Ondo ikusteko moduan. “Ene, hau al da Onintzaren liburua? Azalaren irudia ikusita neukan, baina handiagoa zelakoan nengoen; zein txikia eta zein polita!”, lagun batek besteari. Poltsikoan eramateko moduko kontakizuna da Feli Madariagarena. Herriz herri dabil Onintza Enbeita, egilea, historia txiki horrek izan ditzakeen hari muturrei tiraka, aurkezpen bakoitzetik sortutako solasaldietan ateratakoa jasotzen.
“Desberdina da nekazaritza-mundutik gertu dagoen herri txiki bateko edo herri industrialago edo handiago bateko aurkezpenera gerturatzen den jendearen perfila”, azaldu digu Enbeitak. Abiapuntu horretatik, solasaldia ere bide desberdinetatik joan ohi da. Herri txikietan nekazaritzatik bizi direnak gerturatzen direla kontatu digu eta baserriaren etorkizunaz mintzatzen direla, nekazaritza-munduak izan dituen aldaketez… Herri handiagoetan, kontrara, hizketaldiek jotzen dute gehiago emakumeen bizimoduetara eta, nekazaritza-munduaren aldaketa zehatz horietara baino, munduaren aldaketetara, irabazitako espazioetara… “Mugimendu feminista indartsu dagoen herrietan, adibidez, solasaldietan sarri ateratzen den gaia da espazio publikoan irabazitako lekuena. Batzuetan ez gara kontziente nondik gatozen eta emakumeok naturaltzat jotzen ditugun espazioak nola irabazi zituzten/ditugun”, dio Enbeitak. Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan izandako hizketaldian entzundakoa ekarri digu: “Pentsa, emakume batek kontatu zigun ondo gogoan duela taberna batera bera bakarrik sartu zen lehen aldia”.
Liburuaren egileari gustatzen zaio solasaldietan bertaratutakoei hitza eman eta entzutea liburutik zer jaso duten, Feliren historiak zer transmititu dien. “Zestoan (eta ez Zestoan bakarrik), esaterako, batek azpimarratu zuen kuriosoa egin zitzaiola Felik nola kontatzen duen bere ama elkartzen zela beste emakume batzuekin karta-jokoan aritzeko edo Feli bera ere Azoka egunetan biltzen dela beste emakume batzuekin… Emakumeok elkartzeko bideak topatu izan ditugula beti, hori jaso zuen liburutik pertsona horrek. Ederra da ikustea irakurleek nola aipatzen dituzten liburu honekin erakutsi nahi izan ditugunak”, adierazi digu Enbeitak.
Gizonen eta emakumeen irakurketak ere oso desberdinak izan ohi direla ere azpimarratu digu. Akaso historia beraren kontakizuna ere oso desberdina zitekeen Felik beharrean, Feliren gizonak kontatu izan balu, ezta?
Eta datorkit burura, Feli bat eraman beharko genukeela patrikan, ez ahazteko nondik gatozen.