Joandako M8ez eta datozenez

argia
0
ARGIAko lantaldeak mimoz prestatzen du M8. Argazkian, manifestazioetan parte hartu ezin izaten duten etxeko langileak gogoan hartzeko irudiak hartuta, Donostian, 2019an. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Eta gizonen eguna noiz?” Entzuteko gutxi geratzen zaigu. Bai, ez dakit zuri gertatu zaizun sekula, irakurle, baina beti dago –eta, kasualitatez, Gabonetako bazkari-afarietako eztabaidetako tipo bera izaten da– osaba edo lehengusu zokor-mazoren bat martxoaren 8an esaten dizuna “eta gizonen eguna noiz?”, Lilatoi mistoaren diskurtsoa botatzen dizuna… ARGIAn, eztabaida horiek aspaldi gaindituta (bada garaia!), M8 nola kubrituko duten proposatzen dute taldeko kazetari emakume feministek.

Abiapuntua horixe izaten da: ARGIAko kazetari emakume feministak elkartu eta M8, lanari begira, diseinatu. “Eta horrek ekartzen du, katean, hausnarketa ere: non kokatzen gaituen egun honek, zer mezu zabaltzen ari diren…”, esan digute taldeko emakumeek. “Ez da kazetaritza-produktu soil bat, martxoaren 8a beste zerbait da eta guk, taldeko emakume kazetariok, planteamendu desberdin bat egiten dugu”, azaldu dute. Aktiboki hartzen dute parte ARGIAko emakumeek, kazetari moduan, egun horretan. “Gu kalera ateratzen gara, aldarrikapenekin bat egiten dugu eta, bertatik, kaletik egiten dugu lan: artikuluak idatzi, sare sozialak elikatu, argazkiak atera, bideoak osatu… eta taldekoez aparte inor gehiago kontratatzen bada egun honetarako, ahalegintzen gara emakumea izan dadin”, diote. Bitartean, gizon kazetariek bulegoko lanak egiten dituzte egun horretan; kalean dabiltzan lankideek sortutakoari zabalpena ematen, telefonoa hartzen, eta abar.

Motorrak berotzeko eta irakurlea gaian sartzen joateko, egunean bertan egiten den webgunearen jarraipenaz gain, “saiatzen gara astekarian aurretik feminismoarekin lotutako gai bat jorratzen”, azpimarratu dute. Batzuetan lantzen dute mugimendu feministak urte horretan zabaldutako gai ardatza, eta beste batzuetan ARGIAk mahai gainera ekartzen duen gai bat.

Baina M8ko sukarra pasata, urte osoan lantzen du ARGIAk feminismoa kazetaritzaren bidez. Irizpide modura adostua dute sexuen oreka bilatzea, bai elkarrizketatuetan, idazten duten kazetari eta kolaboratzaileetan, astekariaren azalera eramaten diren aurpegietan, lantaldeko barne funtzionamenduetan, eta abar. Jakinda, baita ere, ez dutela beti lortzen, “eta batez ere, etengabe horretan arreta jarri ezean, erraz egiten duelako balantzak emakumeen ikusgarritasuna gutxitzera”, esan dute.

Aurten greba feministarik deituta ez badago ere, 2018 eta 2019ko greba deialdiekin bat egin zuen ARGIAko lantalde osoak eta martxa horretara egokitu zen, emakume kazetariek greba aktiboa eginda, administrazio eta salmenta sailetako emakumeek ere greba eginda (batzuk greba aktiboa), eta gizonak bulegotik edo etxetik lan eginez, zaintza-lanak uztartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA