Zuk zertan inbertituko zenuke?

argia
0
Beste behin, festen tiradizoa baliatuta, Zumaian elkartu da ARGIAko lantaldea hausnarketarako. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Enpresa langileena bada eta enpresaren norabidea langileek erabakitzen badute, logikoena dirudi norabide horretan inbertsioak zertan eta nola egin ere langileek erabakitzea.

Neurri handi batean, orain arte ARGIAn hala izan bada ere, aurten indar berezia jarri da eta erabaki horretan langile guztiek parte-hartze aktiboagoa izateko bideak jarri dituzte. Beste urte batez Zumaiako (Gipuzkoa) festak aitzakia hartuta, apirilaren 17an egun osoko gogoeta egin dute. Helburua inbertsioen prozesuari azken ukituak eman eta martxan jartzeko prest uztea izan da. (Ondorengo parrandaz ez dakit askorik).
Datozen hiru urteetarako proiektuak zein izan litezkeen proposatzeko eskatu die ARGIAko zuzendaritzak lantaldeei. Prozesu guztiaren diseinua egitea tokatu zaio zuzendaritzari eta lehen pausoa zen hori. Bizi Baratzea, Azoka, Komunitatea, erredakzioa… guztira hamaika lantalde jarri dituzte buruari bueltaka, baina ez dizkiete titularrak soilik eskatu; patxadazko hausnarketa zen nahi zena, ia proiektu bakoitzaren bideragarritasun plan bat: kostu ekonomikoa, giza-baliabideak, denborak…

Lantalde bakoitzak bere proiektuak (inbertsioa behar dutenak) aurkeztu ditu Zumaian egindako batzarrean, langile guztiak bertan zirela. Argazki orokor bat izanda, talde txikietan banatu dira eta bi ordu inguruko tartea hartu dute proiektuak aztertzeko, eztabaidatzeko eta adostasunetara iristeko. Helburua zen bertan erabakitzea hurrengo hiru urteetan ze proiekturi helduko dion ARGIAk, zein izango diren orain martxan jarriko direnak, zein utziko diren aurreragorako, zergatik…

Talde handira eraman dira talde txikietako iritzi eta hausnarketak, eta zorionez (beti ez baita zorte bera izaten), adostasunak lortuta, markatu ahal izan dituzte lehentasunak guztien artean. Oso presente izan dute norabidea. Asko hitz egin dute ARGIAren bereizgarrietako bat den dibertsifikazioaz eta alor horiek indartzeaz: Bizi Baratzea, Inor ez da ilegala, jolasak, ipuinak eta liburuak, besteak beste. Aldi berean, ahaztu gabe kazetaritza lana dela ARGIAren funtsa eta hori indartzen jarraitu behar dela bai paperean, webgunean eta ikus-entzunezkoetan.

Zuzendaritzaren esku dago Zumaian jasotako guztia berriz ere, eta hasiak dira lehenetsitako proiektu horiei forma ematen.

Batzarrean ziren beteranoenek ez omen dute gogoan, inbertsioei begira, horrelako prozesu parte-hartzailerik, eta begi onez ikusi dute egindako bidea.

ARGIAko langileak pozik gelditu dira egindako prozesuaz. Zalantzarik gabe, berandu baino lehen, ARGIAko kideek ideia berriak izango dituzte eta proiektuaren norabidea, beste behin, denen artean adostu beharra izango dute. Berriz ere Zumaian elkartu beharko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA