2.000 lagun inguru izan zen ekainaren 11n Garoña behin betiko ixtearen aldeko manifestazioan, Gasteizen. Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak azaroan eman behar du zentral nuklearra berriz martxan jartzearen aldeko edo aurkako epaia; Araba Garoñarik Gabe plataformak ez du zalantzarik: “Aldekoa izango da”. Hala balitz, 2031ra arte luzatuko litzateke baimena. Hori saihesteko “hitzetatik ekintzetara” igarotzeko eskatu zien Alberto Friasek alderdi politikoei, plataformaren izenean: “Garoña hauteskunde kanpainan elkar erasotzeko erabili ordez, has daitezela hura behin betiko ixteko bideak bilatzen”.
Argazkia: DosPorDos