Gertukoa ez ezagutzea edo gutxiestea eta kanpotik datozen kultura, historia eta ohitura erauntsia kopiatzea da globalizazio kapitalistaren ezaugarri nagusia. Kosmopolita eta modernoa omen. AEBetako industria zinematografikoaren eskutik, Halloween gurera heldu baino askoz lehenago ospatu izan da “Gau Beltza”. Orain gutxira arte, Domu Santu egunari lotuta, Euskal Herriko txoko askotan ospatu da “Arimen Gaua”. Kalabazak edo arbiak baratzetatik lapurtu, hustu eta begiko zuloak egin ostean, barruan kandelak jartzen zizkieten ume eta gazteek, etxeko trapu zaharrekin mozorrotuta, herritarrak beldurtzeko. Orain, aldiz, produktu bilakatutako jai guztietan bezala, Halloween gauerako osagai guztiak erosi egiten dira. Alderdi kontsumista hori gainditu eta lehengo ospakizun herrikoia berreskuratzeko asmoz esperientzia batzuk agertu dira han-hemenka. Horietako bat da Oiartzungo Gau Beltza.
Argazkia: Ekaitz Zilarmendi
Testua: Axier Lopez