Zeinek ez du gazte izan nahi? Edo hobe esanda, zeinek ez du gazte itxura izan nahi? Telebista piztea besterik ez dago, zahartzaroa osasun kontuei, zaintzari eta aisialdiari lotuta ikusteko, baita ustez zerbitzu publikoa eskaintzen duten kateetan ere. Menpeko jarreretara kondenatuz, adinekoari izaera politikoa ukatzen diote sistematikoki. Publizitatea da horren erakuslerik argiena. Gorputz “zaharra” –eta bereziki emakumearena– baztertua da, ez da atsegina, ez da salgarria, ezkutuan gorde beharrekoa. Iruditeria publikoaren jabe da anorexiaren mugarekin jolasten ari den emakume photoshopatua. Geure buruari egindako gezur bisuala, gizatasunari eta bizitzari berari parez pare ez begiratzeko tranpa gozoa. Itxura faltsua da, baina ahaltsua.
Argazkia: Olmo Calvo
Testua: Axier Lopez