Kataluniako erasoen ostean, batasun abstrakturako eta –inork ezagutzen ez dituen– Mendebaldeko baloreen defentsarako deiek estali nahi izan dute jihadismo globalari buruzko eztabaida. Sakoneko azterketa saihestu nahian, testuingururik gabeko kontakizun apolitiko eta sentsazionalista ezarri nahi izan dute agintari gehienek eta menpeko hedabideek; Rambletan edo Ripollen gertatutakoa zerutik eroritako zerbait bailitzan. Zorionez, Bartzelonako “Ez dugu beldurrik” manifestazioak galdera interesgarriagoak ekarri ditu: zein da arazoa kudeatzeko ardura izan dutenen jardunaren emaitza? Negozioak giza eskubideen gainetik al daude? Espainiako errejimenak –baita Barcelona FC-k ere– Saudi Arabia eta Qatar diktadura wahabistekin dituen lotura ekonomiko eta politikoez hitz egitea ez da eztabaida desbideratzea, guztiz kontrakoa baizik.
Argazkia: Sònia Pau (El Punt Avui)
Testua: Axier Lopez