“Herriko faxistak ziren, guardia zibilak ziren, falangistak ziren, katolikoak ziren, Birjinaren Eguna zen eta ondoren otoiz egitera joan ziren. Gora jainko maitea!”. Fermin Balentziaren hitzak dira, Maravillas kanta aurkezteko. 1936ko abuztuaren 15ean 14 urteko neskatoa aitarekin batera atxilotu zuten Larragan, udaletxean bahitu eta guardia zibilek behin eta berriz bortxatu ondoren, hil egin zuten, aitarekin batera. Haren gorpu biluzia txakurrei eman eta ondoren erre zuten. Maravillasen antzera, beste 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, gerra fronterik izan ez zuen Nafarroan. Trantsizioak inposatu nahi izan zituen isiltasun eta ahanztura pitzatzen ari dira. Eta horren beste froga bat da, 82 urte ondoren eta Larragako loretxoaren izenaren eskutik, Iruñeko Lezkairu auzoko plazan egotea faxismoaren biktima guztien memoria bizia. Ahazten dena, berriz gertatzeko aukera dagoelako. Irudian: Josefina Lamberto, Maravillasen ahizpa, Iruñeko Udaleko hainbat zinegotzi eta alkatearekin.
Argazkia: Jagoba Manterola (Argazki Press)
Testua: Axier Lopez