Borroka luzea da Bretainiako Notre Dame des Landes-eko aireportuaren aurkakoa. Ia 50 urtez aritu dira ingurune naturalaren suntsipena eta han bizi diren herritar eta nekazarien kanporatzea eragingo zituen proiektuaren kontra. Urtarrilean, ordea, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen atzera egingo duela eta aireportua ez duela eraikiko. Historikotzat jo dute garaipena eta hala ospatu dute asteotan ZADeko erresistentzia eremuan bizi direnek. Izan ere, aireportuarentzat ziren lurrak eta etxeak okupatu eta biziberritu dituzte azken urteotan; bizigune, etxola, landa, baratze, gasnategi, okindegi, zurgintza tailer, liburutegi eta abarrak sortuz. Herri bat. Hori da orain arriskuan dagoena. Han bizi den jendea indarrez kanporatzeko agindu baitu Gobernuak. Borroka berri baten hasiera da.
Argazkia: Kauldi Iriondo
Testua: Axier Lopez