Estrasburgoko epaitegiak iritziz aldatu eta mugan berehalako kanporatzeak legezko direla dio orain. Migratzaileek beraiek “legez kanpoko zerbait egitea nahita” erabakitzen dutelako. Hau da, zerbait ustez okerra berariaz egiteak oinarrizko eskubiderik gabe uzten du pertsona. Hesia gainditu dutenek ez dutelako iraganik. Berdin da gerratik, pobreziatik edo salerosketatik ihesi joatea. Ez dira pertsona. Lege-urratzaileak besterik ez. Prodein GKEko kide José Palazónek dioen gisan, “Europako Giza Eskubideen Epaitegiak erreferentzia izateari utzi dio. Honezkero giza eskubideek ez dute epaitegirik. Orain gobernuen eta Europan hazten ari diren talde faxisten eskubideen epaitegi bat dago”. Gizakien eskubideak baino, hesitzeko eskubidea babestu du Europak.
Argazkia: A. Koerner / Getty Images
Testua: Axier Lopez