Irribarrerik ez da argazkian. Bost bat egunez azalean bizitakoa buruan betiko eramatea ez da xamurra. Ezkutuan egindakoari aurpegia ematea bezalaxe. Baina 5.379 bisaiak, izen abizenekin, erakusten dute garai hauetan onartzea nekezago egiten ei dena: hau ez da demokrazia. Beharrezko dutenean, aginte politiko eta ekonomikoan daudenen interesak zaintzeko biolentziari heltzeko erreparorik ez da. Aurreko garai “gatazkatsuetan” hala egin zuten sistematikoki eta orain hala egiten dute uniformedun sadiko horiei guztiei –izan toga, bata, plaka ala gorbatadun– zigorgabetasuna bermatuta. Irririk ez, torturaren karpeta urdinak aldean, Donostiako Intxaurrondon larunbatean elkartu direnen artean. Ausardia bai ordea.
Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Testua: Axier Lopez