“(2018an) helburu terroristarekin substantzia eta gailu lehergarriak gordetzea eta horiekin trafikatzea” egotzita lau urteko espetxe zigorra ezarri zieten Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei. Epailea, Angela Murillo, 2017an ETAren armagabetzea sinesten ez zuela zioen togadun hoolingana. Fiskala, José Perals, Altsasuko gazteen aurkako fartsa guztia defenditu zuena. Madrilgo ankerkeriaren auzitegian dena dela posible ondo ikasi dugu, baina kasu honen sortzaileak ez daude han. Ertzaintzak idatzitako txostena da oinarri nagusia. Txosten bat zeinean, salatu dutenez, beste ezeri baino orrialde gehiago eskaini dioten bi gazteen militantzia politikoa agerian uzteari. ETArik gabeko garaiotan, Galder eta Aitor terroristak direla esan ahal izateko lanordu asko sartu dute Ertzaintzan. Akaso hobe zuketen esfortzu hori bideratzea ertzainek beraiek, zigorrik jaso gabe, torturatu dituzten ehunka herritarren kasuak argitzera.
Argazkia: 1.200 lagun baino gehiago igandean, Amurrion, bi gazteei babesa adierazteko. Andima Errazti – Aiaraldea
Testua: Axier Lopez