Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxeratu dituzte 2014 eta 2015ean inoiz gertatu ez ziren erasoak egiteko “armak gordetzeagatik”. Ertzaintzak idatzi zuen sinesgaitza dirudien gazteen inguruko txostena. Ertzaintzak bidali zituen Espainiako Auzitegi Nazionalera, pasa den astean bertan euskal herritarrak torturatzeagatik ezaguna zen Manuel Sánchez Corbí guardia zibila saritu duen salbuespenezko epaitegi horretara. Eta azkenik, Ertzaintzak bidali ditu espetxera bi euskal herritarrak. Atxilotuen kamisetek “Euskal Herria aurrera” zioten eta gazteen lepoa heltzen zuen ertzainaren eskumuturrekoak “Blue Lives Matter” lelo ultraeskuindarra. Hemen ere, AEBetan bezala, herritarrak zaintzeko ardura dutenentzat bizitza guztiek ez dute berdin balio.
Argazkia: Aritz Loiola / Foku
Testua: Axier Lopez