Gerratik, pobreziatik edo indarkeriatik ihesi, familia eta lagunak atzean lagata, zure aurrezki guztiak xahututa, askotariko arriskuz jositako milaka kilometro gainduta, mota guztietako mafia eta polizia ustelei aurre eginda, itsaso bat zeharkatuta zeinean zure bide bera egin duten milaka pertsonen hilotzak dituen haren hondoan… eta helmugara heldu zara, bizitza duinaren xerka lan eskasa eta prekarioa lortzeko. Baina hemendik aurrera Europan horrela “sarituko” dizute ahalegina: atxilotu, tarte batez giltzaperatu, hegazkin batean indarrez sarrarazi eta 6.000 kilometro baino gehiagora abandonatu, zehatzago esanda, Ruandan. Dena legezkoa, apirilaren 22tik Erresuma Batuan. Hau da, ez baduzu lehen saiakeran lortu, bigarren aukera bat eskainiko dizute, oraingoan bai, bidean hil zaitezen. Goebblesi barre txikia atera zaio hilobi barruan.
Argazkia: Bi pertsona ontzi batera igotzera doaz Frantziako Gravelines hondartzan, Mantxako kanala zeharkatu eta Ingalaterrara heltzeko. Sameer Al-Doumy – Getty Images
Testua: Axier Lopez