Udalatx menditik desagerrarazi dute kristautasunaren ikur propagandistiko nagusia. Hamar metroko gurutze bat tontorretik kendu izanak eztabaida bizia piztu du inguruko herrietan, batzuk minduta agertzeraino. Euskal Herriko mendiak, eta Gipuzkoakoak bereziki, gurutzez josita daude, gehienak diktadura nazionalkatolikoan jarritakoak. Hamarkadak pasata, batzuek ondarea edo tradizioa ikusten dute horietan, leku pribilegiatuetan utzi beharrekoak. Beste batzuek, aldiz, gurutzeak kentzea espazio publikoa denontzat atseginagoa eta bizigarriagoa egiteko ekintza gisa ikusten dute. Askok nekez ikus dezake mendizaleen omenezko oroigarririk horietan, ezpada Espainiako diktadura faxistaren makuluaren, munduan inoiz izan den pederasten talde antolatu handienaren edo emakumeen eta homosexualen eskubideen aurkako eragile nagusienetakoaren botere alardea, leku ikusgarri horietan, Euskal Herriko iruditeri kolektibo eta historikoan mendiek duten pisu handiaz baliatuta. Espazio publikoan dauden gurutzeak botatzea tradizioari jarraitzea ere bada: lehen aldebakartasunez ezarritakoa, orain aldebakartasunez kentzea.
Testua: Axier Lopez
Argazkia: Hernio mendiko gurutzea. Tolosaldeko Ataria
Nekez ukatu daitezken arrazoiak, zalantzarik gabe. Alabaina, arrazonamendu horrek nora garamatza? Eta gauza bera esango bagenu edozein monumenturi buruz? Edota elizei buruz? Eraitsiko al dugu bisigodoen garai ankerreko baseliza prerromaniko bat? Edo ertaroko banderizo mafioso basatien dorretxe bat? Edo aldebakartasun belizista lotsagabez eraikitako gotorleku karlista bat? Gure historia, edo hobe esanda, munduaren historia, odol, indar eta ankerkeria historia da hein handi batean. Ezabatuko behar al dugu? Zertarako? Zer dugu irabazten? Mendietako gurutzeak, Espainiako azken garai nazionalkatolizistaren arrasto, ba bai halaxe da. Izan ere garai nazionalkatolizista bat bizi izan du lur honek, gustatu ala ez. Eta agian gurutze horietako baten pean hobe azaldu ahal izango diet seme alabei garai hori, begira.
Aupa Aritz! Ba bai, eztabaida hau ez da mendietako gurutzeen ingurukoa, bakarrik. Belaunaldiz belaunaldi historiatik jaso duguna berrikusteko, omentzeko, kritikatzeko… hemen eta orain bizi dugunon eskubide eta aukerez ari gara, nire ustez. Gurutzeen inguruan entzundako iritzi asko Irun eta Hondarribako alarde baztertzailea mantentzeko entzun ditzakezu, edota konkistatzaile edo esklabista batzuen omenezko estatuen inguruan, edota Iruñeko “Erorien Monumentu faxistaz zer egin?” eztabaidan bertan…
Torturatu nauen pertsona baten omenezko estatua-kale-gurutze-denadelakorik ez dut behar (ezta nahi ere), nire alaba-semeei azaltzeko Euskal Herrian torturak zer eragin duen. Berdin esan dezaket, faxismoaz, esklabismoaz, kolonialismoaz, sexu abusuak egin dituztenez (https://labur.eus/vhjzU)… Haien zuzen ere, espazio publikoan horiei aurre egin zietenen memoria aldarrikatu beharko genukeela uste dut. Monumentua, estatuak, kaleak eta abarrak ez dira historia. Historiaren propaganda baizik, une jakin batean pertsona jakin batzuek arrazoi jakin batzuek bultzatuta, erabaki zuten espazio publikoan hau edo beste jartzea. Gustukoagoak izango zaizkigu ala maiteagoak, baina horiek ezabatzean edo moldatzean ez da historia ezabatzen. Historiak jarraituko du egon behar den lekuetan: liburuetan, artikuluetan, historialarien lanetan, museoetan, bakoitzaren bizipenetan…
Holakoak ezabatzea ekintza politikoa da. Gurutze bat ezabatzeagatik ez duzu erlijio katolikoaren izenean mintzo den hierarkiak munduan eragi(te)n duen sufrimendu neurrigabea ezabatuko, ezta konponduko ere. Baina ekintza sinboliko horrek eragiten duen eztabaida publikoa da indartsua. Eta noski, tira-bira politiko oro lez, irabaz ala gal daiteke, eta baleike oraindik eta gurutze handiagoa eta potoloagoa jartzea lehen zegoen lekuan.
Borroka politikoa da, noski, espazio publikoan batzuek eta besteek hobesten ditugun baloreen araberakoa da eta. Horregatik, adibidez, Arrasatekoaren harira epaiketara jo duten lehenak Espainiako Abogados Cristianos neofaxistak izatea ez da kasualitatea, haiek ere kontu hau hala ulertzen dutelako eta baliatu dutelako eztabaida publikoan haien interesen alde jotzeko, baita autobonbo mediatikorako noski.
Arlo asko ukitzen dute kontu hauek, horregatik egiten zait interesgarria.
Milesker ekarpena egiteagatik, Aritz!
Nire ustez gurutze horiek utzi behako genituzke multzo handiegi bat ez den bitartean; gurutze konzentrazio bat badago, oso txarra da paisaierentzako eta orzanzurieta hel arazi ahal duelako. Horregatik Erniotik gurutze multzoa kendu zuten eta gurutze bakun batez ordezkatu. Naski Elizan denetarik izan da: jende txiroa lagundu nahi zuen San Bixente Paleukoa eta eguna torturak asmatzen iragaiten zuen Torquemada. Baina horregatik eliza guztiak suntsitu beharko ahal da? Ez dut uste. Gauden sinesdun ala ez egin dezagun autolritika.
Erlijio baten propaganda espazio publikotik kentzea eta “eliza guztiak suntsitzea” ez da ber gauza, lagun.