Iragan astelehenean, Trumpek ziurtatu du larrialdi nazionala ezarriko duela aginte makila hartzean, besteak beste armada migrazio lanetara zabaltzeko. Horrez gain, hauteskunde-kanpainan hainbatetan aldarrikatu zuenez, “AEBetako historian inoiz izandako deportaziorik handiena egingo duela” azpimarratu du, eta muga erabat itxiko duela, “migratzaileen inbasioa gelditzeko”. Bere hitzetan, adingabeak barne, paperik gabeko 11 milioi pertsona inguru daude herrialdean, baina kopurua 15 edo 20 milioitik gertuago dagoela uste du. Bitartean, Mexikoko hegoaldeko mugara gero eta lagun gehiago heltzen ari da, eskuin mutur trumpzalea agintera iritsi aurretik. Baina errealitatea da muga ia erabat itxita dagoela jada, ekainean Joe Bidenek sarrerak drastikoki mugatu eta deportazioak esponentzialki azkartu dituen dekretua sinatu ondoren. Datu ofizialen arabera, 2022ko irailetik 2023ko irailera, 142.580 “ez-herritar” deportatu zituzten. Munduko lehen potentziak halaxe definitzen ditu-eta eskubideak ukatzen dizkieten pertsonak.
Argazkia: Texaseko muga, Mexikoko Rio Grande zeharkatu ondoren. J. Moore / Getty Images
Testua: Axier Lopez