Gallup multinazional estatubatuarraren uztaileko inkestaren arabera, ukrainarren %69k nahiago dute gerraren amaiera lehenbailehen negoziatu, eta soilik %24k babesten dute borrokarekin jarraitzea garaipena lortu arte. Seguruenik, Errusiak ere badaki hori, eta horregatik areagotu ditu zibilei zuzenean eragiten dioten erasoak. Datu ofizialik ezean, askok diote gerra honek 250.000 edo 300.000 gazte inguru hil dituela dagoeneko bi aldeetan. Ez da harritzekoa bi herrialdeen artean 350.000 bat desertore egotea. Baina gerra-makineriak ez du gizatasunik, eta datuak datu, Ukrainak ez du gaitasunik Errusiak bereganatu dituen lurraldeak berreskuratzeko. Egungo higadura-gerrarekin jarraitzeak ez du zentzurik, eta badirudi armistizio bat sinatzea dela gatazka datozen urteetan ez enkistatzeko modu errealista bakarra. Ukrainara armak bidaltzen jarraitzeak, termino estrategikoetan eta, batez ere, humanitarioetan jada galduta dagoen gatazka bat betikotzen du, eta, gainera, handitu egiten du NATO eta Errusia arteko borroka zuzena pizteko arriskua. Europako herrialdeek dagoeneko 170.000 milioi euroko laguntza militarra eman diote Ukrainari. Gerra honek, gehienek bezala, armagintza enpresa transnazionalen eta NATOko, Mendebaldeko Europako eta AEBetako milioidunen irabaziak potolotzeko baino ez du balio.
Argazkia: Droneen aurkako sareak Ukrainaren menpeko Donetsk-eko errepide batean. A. Stepanov / Reuters
Testua: Axier Lopez


