Querejeta karanbolaren bila

Gorka Bereziartua
0

Gracia Querejeta

Ángelaren senarrak alde egin du eta bere aita hil egin da. Charok, aitaren amoranteak, eman dio berria, hirira autobusez ailegatu bezain laster. Hirian geratzea erabakiko du, aitarena izandako billar negozioa ireki eta bere bizimodua berreraiki.
Abiapuntu horretatik hari mutur ugari zabaltzen dira Siete mesas de billar francés pelikulan. Ángelak (Maribel Verdú) bere aitaren itzala gainetik kentzeko egin beharreko ahalegina da filmaren ehun nagusia, baina Charorekin (Blanca Portillo) duen harreman korapilatsua ere azalduko da, baita billarra garbitzen lan egiten duen Evelin (Lorena Vindel) hondurastarrarena ere –senarrak Hondurastik etorriko dela esaten dio, baina ez dator–.
Pelikulan bigarren mailako pertsonaien lanak distira handiagoa duela iruditu zait –Emilia (Amparo Baró) eta Fele (Raul Arévalo) pertsonaiek elkarrizketei bizitasuna eman diete– Maribel Verdúren kaltetan. Bolak bandetara bidali ditu zuzendariak, karanbola egin beharrean. Zaila da billar frantsesa, baita hainbeste istorio elkar lotzea ere. Dena dela, hari nagusiari jotzean takoak irrist egin badio ere, Gracia Querejetak partida hau irabazi duelakoan gaude.
 
Sail Ofiziala
SIETE MESAS DE BILLAR FRANCÉS
Fitxa teknikoa:
Zuzendaria: Gracia Querejeta. Antzezleak: Maribel Verdú, Blanca Portillo, Amparo Baró, Raul Arévalo, Lorena Vindel, Jose Luis García Perez, Enrique Villen. 118 min.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA