Sail ofiziala
HONEYDRIPPER
Fitxa teknikoa:
Zuzendaria: John Sayles. Antzezleak: Danny Glover, Lisa Gay Hamilton, Yaya DaCosta, Gary Clark Jr., Charles S. Dutton. 123 min.
1950eko hamarkadan gaude, Alabaman (AEB). Tyrone Purvis (Danny Glover) bere taberna galtzear dago. Zorrak ditu likore saltzailearekin eta lur jabearekin. Irtenbidea, Guitar Sam izeneko musikaria tabernara ekarri eta zorrak kitatzeko adina ateratzea. Guitar Sam ez da etorriko ordea, eta herrira ailegatu berri den musikari gazte bat mozorrotuko dute, izar handiaren plantak egiteko.
Larunbateko bazkalosteetan telebistan botatzen dituztenak bezalakoa iruditu zitzaidan Honeydripper. Istorio lineala, pertsonaia lauak, zintzoak eta gaiztoak –lotsagarria zorrak kobratzera datorren gangsterraren karakterizazioa: ultramanikeoa– eta musika pixka bat filma luzatzeko. Ez da argi geratzen zuzendariari AEBetako afro-amerikarren egoera salatzen hasita musikal bat atera zaion, edo musikal bat egiten hasi, arinegia iritzi eta salaketa ukitua eman nahi izan dion.
Lehenengo aukera bada, sentitzen dut Sayles, baina nahiago ditut Spike Lee edo John Singleton; bigarrenaz ari bagara, sentitzen dut berriz, baina musikal batek musika gehiago behar du.