Gure zera honen metafora ederra

Gorka Bereziartua
0

'Tiro bat buruan' filmeko eszena bat

Tiro bat buruan filmeko protagonistek hitz egiten dute, baina ez dituzu entzungo. Elkarrizketa mutuek osatzen dute pelikula. Hori da Jaime Rosalesen lan berriaz esatea komeni den lehenengo gauza (gero ez etorri esaten ez dugula abisatu). Aurreikusten jarrita, pentsatzekoa da Rosalesi burutik pasako zitzaiola detaile “txiki” horrek bi jarrera sor zitzakeela ikuslearengan: interes izugarria edo erabateko asperdura. Eta balantza aurrenekoaren alde erortzeko bai berak, baita aktore, muntaia arduradun, kameralari eta abarrek petrolioa izerditu beharko zutela.
ETAk Capbretonen bi guardia zibil hil zituen momentua da filmeko inflexio puntua. Hilketa horren aurretik ETAko kide baten egunerokoa ikusiko dugu (ETAkoa dela jakiteko inolako modurik izan gabe). Lagunekin afaltzen, emakume batekin musuka, taberna batean, telefono kabinan… Rosalesen aurreko pelikulen ildoa da, hiper errealista, oraingoan proposamena erradikalagoa den arren: kamera bat Donostiako kale edo taberna batean jarrita antzeko irudiak lortzea ez litzateke zaila.
Zera da konplikatuagoa: irudi horiei egitura narratibo koherentea ematea, eta gainera, ikusleari dena xehetuta eman beharrean, pelikula kontatzeko bere laguntza eskatzea. Eta Rosalesek lortu du, ikusle honen ustetan behintzat. Pelikula osoa pasa dut keinu batean, begirada batean, planotik kanpo geratzen zen pertsonaia batean erreparatzen. Adi egotea eskatzen du, horrelako detaile txikietan jarri behar da soa. Baina eskertzen da ekranari begira dagoenarengan hainbesteko konfiantza jartzen duen zuzendariak aurkitzea.
Beste plano batean filmaren tematika dago. Iruditzen zait Rosalesek lortu duela euskal gatazkari buruz azken hamarkadetan egin den filmik onena egitea. Nola? Hain zuzen ere “euskal gatazka” gaitzat hartu gabe. Gertakari batzuk daude eta filmak kontatu egiten ditu, ahalik eta inplikazio politiko gutxienarekin. Eta funtzionatzen du, sinesgarria delako (ezin dute gauza bera esan El Lobo bezalako filmek). Gainera gure zera honen metafora ederra osatzen du pelikulak: inork entzuten ez duen elkarrizketa asko eta tiroketa bat. Behin eta berriro errepikatzen ikusi dugun errituala (asteburuan bertan azkena). Ezer aldatzera ez doala dirudien momentu honen ispilu; ispilu hautsia, inondik ere.
Bukatzeko ezin aipatu gabe utzi prentsarentzako emanaldietan ikusle batzuek duten jarrera. Filma bukatu baino lehen alde egin zuten askok eta txisturen bat edo beste entzun zen kredituak ateratzean (berehala gure txaloekin isildu genituen). Negargarria iruditzen zait informazioaren munduko langileek hain ikuspuntu murritza edukitzea; are, ikusle berberek joan den ostiralean The boy in the Striped Pyjamas kaxkarrari txalo zaparrada eskaini ziotela ikusita. Errazagoa omen da mundua xuri eta gorrietan banatzen dela pentsatzea. Eskerrak Rosales bezalakoak badauden gauzak konplexuagoak direla erakusteko.
TIRO BAT BURUAN
Sail Ofiziala
Fitxa teknikoa. Zuzendaria: Jaime Rosales. Aktoreak: Ion Arretxe, Diego Gutiérrez, Mikel Tello, Iñigo Royo, Ana Vila, Asun Arretxe.

Lotura interesgarriak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA