Buridango astoarena

Gorka Bereziartua
0

Yesim Ustaoglu, 'Pandoranin kutusu' filmaren zuzendaria, Urrezko Maskorra jaso zuen unean

Gose eta egarri izaki, distantzia berera zituen eskuin-ezker belarra eta ura. Jana eta edana neurri bereko premia ziren Buridango astoarentzat eta alde batera ala bestera egiten asmatu ez zuenez, kieto geratu eta gosez hil zen. Aurtengo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaiak ere antzeko zerbait egin duela iruditzen zaigu: asko nabarmendu den filmik ez zegoen eta lehentasunak ezarri ezinda, inori gustatu ez zaion erabakia hartu du.
Emakumezko aktore onenaren sariek izan dute harrera on xamarra: Melissa Leok Frozen river-en eta Tsilla Cheltonek Pandoranin kutusu-n egindako lanak merezi zuten. Gainontzean azken film hori urrezko maskorrarekin saritzeak eztul txiki bat eta kilker hotsa ukan zuen arrapostu prentsako kideen artean; antzeko zerbait esan liteke Oscar Martinezek jaso duen aktore onenaren zilarrezko maskorraz ere: tuju-tuju; kir-kir. Michael Winterbottomi eman dioten zuzendari onenaren sariak txistuak jaso zituen: esango da Zinemaldiari dion fideltasunak izango duela zerikusirik sarian; guk berriz, Genova gustuko izan genuen. Zuzendariaren lanak txaloren bat merezi zuela uste dugu, tamainan, hori bai, ez baita britainiarraren onena ere.
Makhmalbaf familiak epaimahaiaren beste sari bat eraman du, Samiraren Asbe du-pa lanarekin, nahiz eta saria emateko arrazoia –umeek gaur egungo munduan dituzten arazoekin engaiamendua, edo horrelako zerbait– harrigarria iruditu zaigun: Hanaren iazko Buda az sharm foru rikht lanean bezala, umeak gizarte osoaren metafora dira pelikulan. Hori ez ikusteko begimotza behar da izan.
Jaime Rosalesen Tiro bat buruan-ek berriz, nazioarteko kritikarien Fipresci saria irabazi du. Eta horra txutxumutxua: antza denez kritikari espainiar bakar batek ere ez du bere alde bozkatu. Politikak ez duela zerikusirik? Garbi dago: asto guztiak ez dira Buridangoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA