Ostiral gaua. Plateruena bete jende. Hiru kontzertu, memoriaren artxiboan giltzarrapo handiarekin gordetzeko modukoak. Ostiralean Durangon ikusitakoak pentsarazi egin dit. Izan ere, askotan esan da azken urteetan (aspertzeraino, egiaz) dagoeneko musika jaialdi erraldoiek bakarrik mugiarazten dutela jendea. Kontzertu ertainak desagertzeko bidean zirela. Ez nintzen tesi horren oso aldeko eta ARGIAren kontzertuak usteak indartu dizkit. Kalitatezko kartel bat egin, hiru euskal talde sendo agertokira eraman, eta entzuleak ez dira faltako: ostiralean Kerobia, Desordutan eta Zea Mays izan ziren.
Botila Kerobiak zabaldu zuen eta berehala busti ziren entzuleak aparretan. Ezin bestela izan: lau urtean hiru disko argitaratu dituzte eta bakoitzarekin entzuleak pixka bat gehiago harritzea lortu dute. Onartu behar dut, ez nituen atzora arte behin ere zuzenean ikusi, baina taldeak jendaurrera eramateko errepertorio sendoa du. Eta noski, kontzertuak borobiltzeko edozein taldek nahiko lituzkeen hit batzuk: azken diskoko Asteroideen antzokian artista eraila edo Rose Escargot laneko Esnatu naiz kantuek soinu borobila izan zuten. 45 minutu baino ez zituen izan Iruñeko taldeak; dena eman zuten, eta jendea gehiagoren egarriz geratu zen.
Desordutan tolosarren txanda izan zen ondoren. Bonbereneako faktoriatik ateratako harribitxi honen diskoa esku artera iritsi zitzaidanean harritu egin ninduen haizezko instrumentuak pop-rock talde batean hain era sotilean integratzeko abileziak. Atzoko kontzertuaren hasieran taldeak abeslariaren ahotsa apur bat jaten zuela iruditu zitzaidan: ezer garrantzitsurik ez, lehen momentua baino ez zen izan; Embriagatto jotzen hasi zirelarik, zuzeneko talde bat ikusten ari nintzela sentitu nuen; esan nahi baita, diskoan soinu bikaina dutela, baina taula gainean jotzeko jaio direla zazpi musikariok.
Zea Maysekin bukatu zen gaua. Arriskutsuak bihurtzen ari dira Errekaldekoak. Arriskutsuak, geroz eta hobeto dakitelako zertarako gai diren; eta egin egiten dute, aldiro intentsitate handiagoz, eszenifikazio ikusgarriagoz (nabarmentzekoa Elektrizitatea abestian eskenatokira igo zen dantzaria, baita Grabitatearen aurka jotzen ari zirenean sabaitik zintzilikatuta beste artista batek egin zuen ikuskizuna ere; kronika honetan jartzeko haien izenak ez ezagutzearen pena dut). Lehen diskoko Itsasoa klasikoarekin bukatu zuten kontzertua; bisetan abiadura azkartu zuten Dena, Besterik ez naiz eta Hondarretik Ondarroara joz.
Han izan ziren harpidedun eta irakurleek ARGIAko langileok bezainbeste gozatuko zutela espero dut. Plazer handia izan zen horrelako jai batean zuekin topo egitea. Nahi duzuenerako, hemen gaituzue.